Zabalik da Sortutakoak Tradizionala 12, euskal dantzan ikerketa eta material didaktikoak sustatzeko deialdia
Musika eta dantza pintzeladak, 2025eko Sortutakoak Tradizionala programarako aukeratutako proiektua, Beasain, 2025-12-13. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA
Dantzaguneko Sortutakoak Tradizionala programaren 12. edizioa abian da. Euskal dantzaren ikerketan eta transmisio pedagogikoan sakontzeko bi egitasmo hautatuko dira aurten. Eskaerak aurkezteko epea 2026ko irailaren 30eko 14:00etan amaituko da.
Deialdi honen helburua bi proiektu onuradun hautatzea izango da. Deialdiak euskal dantzaren inguruko, ikerketa, transmisioa eta sormena sustatu nahi ditu, bi lan-ildoren bidez. Alde batetik, ikerketa arloan aurkeztu ahal izango dira euskal dantzaren inguruko ikerketa, berregite, egokitze edo sormen proiektuak. Bestetik, material didaktikoa arloan, euskal dantza irakasteko material pedagogikoa sortu eta garatzera bideratutako ekimenak hartuko dira kontuan.
Deialdian parte hartu ahal izango dute dantza taldeek eta elkarteek, banakako sortzaileek nahiz proiektu jakin baterako berariaz eratutako kolektiboek. Eta hautatutako proiektu bakoitzak 4.000 euroko dirulaguntza jasoko du, proiektua garatzeko gastuetarako.
Parte-hartzea eta eskaerak
Proposamen guztiak PDF dokumentu bakar batean bildu eta sortutakoak.dantzagunea@gmail.com helbidera bidali behar dira epearen barruan (Gaia: Sortutakoak Tradizionala 12). Epea irailaren 30eko 14:00etan amaituko da.
Eskaerak, besteak beste, honako informazioa jaso beharko du: eskatzailearen datu pertsonalak, parte-hartzaileen curriculumak, proiektuaren laburpena, ikerketa-ildoak, proiektuaren definizioa eta aurrekontua. Horrez gain, hautagaiek egitasmoa ulertzeko beharrezkotzat jotzen duten dokumentazioa eta proiektuak Gipuzkoako Dantzagunearekin duen lotura eta bertan garatzeko motibazioa ere azaldu beharko dituzte.
Informazio zehatza, baldintzak eta bidali beharreko fitxak: Sortutakoak Tradizionala 12 oinarri osoak (PDF)
Sortutakoak Tradizionalaren emaria
2013. urtean abiatu zenetik hainbat dantza proiektu babestu ditu Gipuzkoako Dantzaguneak Sortutakoako Tradizionala deialdiaren bidez. Hona hemen aurreko deialdietan lagundu diren proiektuen zerrenda.
- Aurtzaka: Beasaingo San Joanetako neskatxen esku-dantza (2013)
- Axeri-dantza elkartea: Andoaingo Axeri-dantzaren inguruan (2014)
- Maritzuli: Miarritzeko San Martin ezpata-dantza (2015)
- Duguna: Iruñeko San Juan bezperako soka-dantza (2016)
- Iruña taldea: Iruñeko San Lorentzoko ingurutxoa (2017)
- Mendi Alde: Otxandioko emakumeen aurreskua (2018)
- Duguna: Iruñeko Sanferminetako trokeo-dantzak (2019)
- Patxi Montero: Euskal herriko plazetarako dantza berriak (2020)
- Iruinkokoa: Iruñeko inauteri euskalduna (2020)
- Jon Olazkuaga: La Pamperruque (2022)
- Aritz Ibañez: Pausoka Dantzan (2022, 2024)
- Patxi Montero: Euskal dantzako ibilbidea haurrekin (2025)
- Argia dantzari taldea: Martin Zalakain egokitzapen koreografikoa (2025)
- Aurtzaka: Musika eta Dantza Pintzelkadak (2025)
Gipuzkoako Dantzagunea