Dokumentuaren akzioak
Zuricheko Operako Baletak itxiko du aurtengo Maitaldia
Duo Concertant eta Variations Goldberg emango ditu
Maitaldiaren egitarauaren barruan, Zuricheko Operako Baleta ariko da gaur eta bihar Miarritzeko Gare du Midi aretoan. Bi emanaldiek 21:00etan izango dute hastapena, eta horiekin izango du amaia Maitaldiaren aurtengo ekitaldiak. Heinz Spoerli suitzar dantzari eta koreografoak zuzenduta, Duo Concertant eta Variation Goldberg koreografiak emanen ditu Zuricheko Operako Baletak bi emanaldi horietan; George Balanchine koreografoak Igor Stravinskiren musikaz sortua lehena, eta Heinz Spoerlik berak Johann Sebastian Bach-en musikaz sortua bigarrena.
Duo Concertant 1972ko koreografia da. Stravinskiren musika entzuten ari direla, bi neska-mutilek dantzari ekiten diote jolasetik asko duen koreografia distiratsu eta bizi horretan.
Varitions Goldberg koreografia emateko, Alexei Botinov pianistaren laguntza izango dute Spoerlik eta Zuricheko Operako Baleteko kideek. «Variations Goldberg, niretzat, geure ondoan iragaten den bizitzaren gisakoak dira», adierazi du Heinz Spoerlik. «Bikoteak elkartu eta banatu egiten dira. Bizitzan bezala, elkarren ezagutza egiten dute, gero urruntzeak gertatzen dira. Narrazio koreografiko bat dira, hasieratik amaierara bitarte, geure hasieratik geure amaierara bitarte».
Aurtengo ekitaldian Errusiako Baleta ari da gogoratzen eta ohoratzen Maitaldia, eta Suitzan beti hartu izan dute oso aintzakotzat Errusiako Baleta, estatuak gerran jarrera agerikorik ez zuelako izan, besteak beste.
Balanchine, New York City Balet ospetsuaren sortzailea
George Balanchinek, Duo Concertant sortu zuen koreografoak, Diaghilevek horretara bultzaturik, Bronslava Nijinskaren lekua hartu zuen koreografiako maisutzan, 1924an. Geroago, SESBetik ihes eginik, ibilbide arrakastatsua egin zuen sortzaile gisa. Diaghilev hil eta gero, 1948tik 1983ra bitartean, konpainia askorekin egin zuen lan. Urte horretan, 1983an, New York City Balet ospetsua sortu zuen.
Heinz Spoerli, Zuricheko Operako Baleteko zuzendaria eta Variations Goldberg koreografiaren sortzailea, Suitzako Basilea hirian sortu zen, 1941ean. 1960an Basileako Baleterako deia egin zion Vaslav Orlikowskik. Bolxoi Baletaren arauei zorrotz jarraituz zuzendu zuen Orlikowskik Spoerli garai hartan. Ondorengo urteetan Kolonian eta Kanadan aritu zen lanean Spoerli.
1967an hasi zen Spoerli berak sortutako koreografiak aurkezten. Basileara itzuli ondoren, hango baletaren zuzendaritza hartu zuen, 1973an, eta 1991ra bitartean eutsiko zion kargu horri. Nazioarteko zabalkundea eman zion Basileako Baletari. Koreografien aniztasuna laguntza handia izan zen hori lortzeko. Urte horietan beste konpainia askorentzako koreografiak ere sortu zituen, Parisko Operarentzat sortu zuen La fille mal gardée, esate baterako.
1991n, Basilea atzean utzita, Deutsche Per am Rgein Baletaren zuzendari kargua hartu zuen Spoerlik. Zuricheko Baletaren zuzendaritza, berriz, 1996an hartu zuen. Neoklasikotzat eta erromantiko lirikotzat jotzen dute adituek Spoerliren talentua, eta agertokia baliatzen oso ondo dakiela aitortzen diote. Gluck-en Orphée et Euridice operarekin landutako koreografia eta La Belle Vie-ren bertsioa horren adibide dira, 1983koa lehena, 1987koa bigarrena. Giséle eta Cendrillon-en bertsioetan ere maisutasun handia erakutsi izan du Heinz Spoerlik.
Dokumentuaren akzioak