Maiatza dantzaren hilabetea izaten da Zumaian. Santelmoak pasa ostean, herritarrek entrenatzeko aukera ugari izan dute erromeria, elektrotxaranga eta kontzertuekin.
Hamabigarren urtez, Astindu dantza elkarteak eta Zumaiako Udalak elkarlanean ekitaldi ugari antolatu dituzte hilabete osorako. Aurten, gainera, herriko dantza akademiak izan dituzte lagun. Gaur hasiko dira ekitaldiekin. Goizeko 10.30ean bollywood tailer irekia egingo dute Torreberrin.
Larunbat honetan izango da bigarren ekitaldia. 60 urtetik gorako herritarrei zuzenduta dago burutuko duten dantza tailerra. Eusebio Gurrutxaga plazan egingo dute arratsaldeko 18.00etatik aurrera.
Datorren asteko larunbatean (maiatzaren 13a) jarraituko du Zumaiako Maiatza Dantzako programak. Egun horretan herrian lantzen diren Dantzara! ikuskizuna eskainiko dute akademietako irakasle eta ikasleek.
Hurrengo egunean, igandean, haurrek izango dute beraientzako tarte propioa. Izan ere, 14an haurrentzako diskoteka izango da Kofradian Jon Urbieta zumaiar gaztearen eskutik.
Programazioaren egunik handiena maiatzaaren 20a izango da. Eguerdiko 12.30etik aurrera, Zutrik taldearen erritmoan dantza-kalejira izango da Erribera kale osoan zehar. Ondoren, 18.30ean, festarekin jarraituko dute plazadantzekin eta ordubete beranduago Trikidantz taldearen erromeria izango da Amaia plazan.
Azken ekitaldia maiatzaren 27an (larunbata) egingo dute. Astindu dantza elkartearen egunarekin. Elkarteko bazkideek dantza tailerra egingo dute eta, ondore, elkarrekin bazkaria egingo dute.
Erriberriko gazteen kalejira
Erriberriko (Nafarroa) musika eskolako banda gaztea Zumaian izango da gaur eguerdian zehar. Banda hau 12 eta 17 urte bitarteko 40 lagun inguruz osatuta dago. Musika talde honen helburua gazteek esperientzia hartzea da gero Udal Bandara eramateko.
Horrez gain, elkartasun eta adiskidetasun balioak lortzea eta adin desberdinetako pertsonen artean harremanak izatea du helburu baita ere banda gazte honek.
Taldea asteburuan Urola Kosta eskualdean izan da eta horregatik, gaur egingo dute kalejira eguerdiko 12.00ak aldera. Eusebio Gurrutxaga plazatik abiatuko dira.