Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Zumaia dantzan jarriko dute larunbatean

Dokumentuaren akzioak

Zumaia dantzan jarriko dute larunbatean

Egilea
Juan Luis Romatet
Komunikabidea
Guka
Tokia
Zumaia
Mota
Albistea
Data
2024/08/29
Lotura
Guka
2022an egin zuten dantza saioko irudia. (Juan Luis Romatet)

Zumaia Swing jaialdia egingo dute larunbatean. Zuzeneko musikarekin dantzan arituko dira egunean zehar, eta Euskal Herri osoko ehundik gora dantzari bertaratuko direla aurreikusten dute.

Swing eta jazz doinuak entzuteko aukera izango da larunbatean Zumaian, eta hala nahi duenak, doinu horiekin plazara atera eta dantza egiteko aukera ere izango du. Izan ere, Zumaia Swing izeneko jaialdia egingo dute zapatuan herriko hainbat gunetan. Bi kontzertu izango dira egunean zehar, eta horiekin dantza egitera Euskal Herri osotik ehundik gora dantzari bertaratuko direla aurreikusten dute antolatzaileek. 

Donosti Lindy Hop dantza eta kultur elkarteak Zumaiako Udalarekin elkarlanean antolatu du hirugarrenez jaialdia. 2022an eta 2023an egin zituzten lehenengoak, eta aurtengoa izango da hirugarrengoa. "Lehen biak Gala Gauaren egun berean egin genituen. Aurten egun horretan ezin izan dugu egin, baina abuztuaren 31n egingo dugu. Uda sasoiari bukaera emateko modu egokia dela uste dugu", dio Evelio Perez zumaiarrak, Donosti Lindy Hop elkarteko kideak; hura da jaialdia bere jaioterrian egiteko ideia izan zuena. 

Perezek gogoan duenez, jaialdiaren lehen bi urteetan bozgorailu baten laguntzarekin aritu ziren kalez kale dantza egiten. "Kofradian dantza egin genuen, Beheko Plazan, Erribera kalean... Asmoa zen ibilbidea Itzurunen amaitzea eta ilunabarrarekin dantza egitea. Iaz ez zen posible izan: arratsaldean denboralea izan zen, eta, azkenean, Oxforden dantza egiten bukatu genuen". 

Aurtengo jaialdirako "apustu serioa" egin dute, eta Iruñeko musika talde bat ekarriko dute zuzeneko musika jartzera. Rumblin' Groove Jazz Band taldeak kontzertua eskainiko du 13:00etan Kofradiako plazatxoan, eta musika entzuteko edo haien doinuekin dantza egiteko aukera izango da. Iluntzean beste kontzertu bat izango da, Nevermind jazz hirukotearena, 20:00etan, Mari kaleko plazatxoan. Hura amaitzean, eguraldiak laguntzen badu, Itzurunera joango dira lagunarteko azken dantza saioa egitera.

Ekimen soziala

Perezek garbi utzi nahi du, baina, larunbatekoa ez dela ikuskizun bat, ezta elkarteko kideei bideratutako ekintza itxi bat ere. "Justu kontrakoa da. Herritarrak gonbidatu nahi ditugu dantza egitera". Duela bi urteko adibide bat jarri du zumaiarrak: "Itzurunen dantzan ari ginenean, hondartzan zeuden alemaniar batzuk inguratu zitzaizkigun galdezka ea dantza egin zezaketen. Hala, alemaniar haiekin harremana egin genuen". Zumaian egingo dutenaren antzerako jaialdiekin, herri desberdinetako lindy hop taldeen arteko harremanak estutzen direla dio. 

Sustatzaileak "ekimen sozial" gisa definitzen duen jaialdian gastronomia ere landuko dute. "Lehen urtetik elkarte gastronomiko batean elkartu izan gara dantza saioen artean. Aurten ere hala egingo dugu, eta 60-65 lagun inguru izango gara bazkaritan. Aparte, Zumaiara jende gehiago etorriko dela ere espero dugu", dio.

Urrian, Donostian 

Donostian urriaren amaieran egingo duten Donosti Belle Swing Festival jaialdiaren aurrekari bezala ikusten du zumaiarrak kostaldeko herrian etzi egingo dutena. Jaialdi handi hori urriaren 27an eta 28an egingo dute Kursaalean, eta ikastaroez gain, lindy hopari edo jazzari lotutako beste jarduera asko izango dituzte.

Dokumentuaren akzioak