Dokumentuaren akzioak
Zubiak
Kondairak kondaira dira, eta ez dakigu egiarik baduen istorioak. Baina gauzak nola diren, errepikatu bezala egin da aurtengo San Ferminetan, zubiak eraikiz, bertze gisa batez. Bazebilen duela urte batzuetatik airean, eta aurten gehiago: «Neskak aterako dira?». Tartean kontrako iritziak, aldekoak, argitara ateratzea sobera komeni ez diren trapu zikinak… Baina atera dira, urtero bezala, mutil gazteen artean, hiru neska gazte, zuriz eta gorriz jantzita koloretako oihalekin, bertzeak bezala gogor entrenatuta, bertzeen gisan urduri, bertzeen gisan ilusioz, txistularien doinuan kondairak dioen dantza errepikatzeko. Igo dira zubira, dantzatu dute, eta ez da ezer gertatu, txaloak bertzerik ez, eguraldia lagun, eta bestarako aitzakia bat gehiago. Bertze urte batez, ederra izan da.
Halako keinu sinplea zirudienak izerdi ugari isuri du; hor bizi izan denak badaki elkarrekin dantzatu behar izan dutela haiekin dantzatu nahi ez zutela erran duenak eta ondokoarengandik hori entzun behar izan duenak; badaki alardeetako istiluak saihesteko listu anitz irentsi dutela bi aldeek; anitz geldituko zirela lehenago dantzatzeko gogoz… Hondarribiko eta Irungo emakume aitzindariei meriturik kendu gabe —haiek gabe nekez baikeunden hemen—, eta hogei urte beranduago, Lesakakoak erakutsi du, pazientzia handiz, zubiak eraiki daitezkeela.
Dokumentuaren akzioak