
Andra Mari Dantza Taldeko 70. urteurreneko ekitaldien egitarauaren baitan, otsailaren 22an, Zuberoako Maskarada egingo du Galdakaon.
Urtetako lanaren ostean, Zuberoako inauteririk esanguratsuenaz gozatzeko aukera egongo da larunbatean, hogeita hamar pertsona baino gehiagoren inplikazioarekin.
Oso-osorik erakutsiko du maskarada Andra Marik. Dena den, 1988an hasi zuen Andra Marik Zuberoako maskaradako dantzen ikerketa eta ikasketa lana. Taldearen 35. urteurrenaren ospakizunean bertan plazaratu zen lehenengoz dantza sorta osoa, eta 1990. urtetik aurrera Zuberoako dantzak taldeko errepertorioan egon arren, ez du inoiz Zuberoako maskarada osorik plazaratu, gaur arte.
Bere garaian ikerketaren zatirik handien Altzain egin zen, Jean Pierre Rekalt maisuarekin. Ikasketa horiekin, eta Larraineko eta Pagolako dantzarien laguntzarekin, errespetu eta miresmen guztiarekin plazaratuko du Andra Marik herri-antzezkizun hori.
Andra Mari Dantza Taldeak egun osoko egitaraua prestatu du hitzordu horretarako eta goizean goiz hasiko da barrikadekin. Orotara lau egingo dira goizean zehar eta herriko hainbat elkartek parte hartuko dute. Ostean, herri bazkaria egingo da eta arratsaldean ofizioen saio nagusia ikusgai izango da.