Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Zuberoako kultur haizeak harrotuko du Azpeitia otsailaren bigarren asteburuan

Dokumentuaren akzioak

Zuberoako kultur haizeak harrotuko du Azpeitia otsailaren bigarren asteburuan

Kultur Mahaiaren eta Zuberoako Hebentik Kultur Elkartearen arteko topaketa da. Herriko hainbat talderen jardunaz gozatu ahal izango da eta 'Pilotarhitza' ekarriko dute Zuberoatik

'Hebentik...hona eta hemendik...hunat!', Zuberoa eta Azpeitia lotuko dituen topaketak ospatuko dira Azpeitian otsailaren bigarren asteburuan, ostiraletik igandera bitartean. 'Hebentik zubiak' izenburupean, hainbat kultur ekitaldi antolatu dituzte eta egitarauari 'Pilotarhitza', Zuberoatik ekarriko duten ikuskizunarekin emango zaio amaiera. Aurretik, herriko hainbat taldek ere hartuko du parte.
Egilea
Eli Aizpuru
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Azpeitia
Mota
Albistea
Data
2014/01/24
Lotura
Diario Vasco

«Hego, ipar, goi eta behe irauli nahiak eta oraindik barne eskemetan ditugun mugak hautsi asmoz sortzen da 'Hebentik...hona' ekimena. Azpeitiko Kultur Mahaiko zenbait kidek Xiberuko kultur jardunak eta bertako sorkuntzak erakarrita ingurumari haietako zenbait sortzailerekin abiatutako harremanetik sortzen da proiektu hau», adierazi du Sanagustin kulturguneko programatzaile Aitor Bengoetxea 'Ondarru'-k. «Izatez horren gertu eta sarri horren urrun sentitu ohi ditugun kultur jende eta jardunen erakuslehio izan nahi du gurean».

Otsailaren 7, 8 eta 9an gauzatuko den elkartrukea bi errealitate horien arteko zubi-lana egitearen nahiak sortua da, kultur eragileengandik sortua, Azpeitiko Sanagustin kulturgunearen eta Mixel Etxekopar musikariaren arteko hartu-emanetatik, bereziki Hebentik kultur elkartearen sortzaileetako bat da Etxekopar. Hauen arteko «hartu-eman informal» batean sortutako ideia da 'Hebentik zubiak», era modu horretan, era informalean baita ere burutu nahi dute elkartrukea.

Herriko hainbat taldek hartuko du parte. Halanola, Ta3 Zineklubak, kantujirako kideek, Julian Barrenetxea Abesbatzak, musika taldeek, Ilunpe Pilota Elkarteak, Luis Alberdi Beltza-ren dantza sueltoko eskolak eta haren ikasle Azpeitiko Ikastola Ikasberriko guraso taldeak, Itsasi Euskal Kultur Taldeak eta Azpeitiko Argazki Elkarteak, Kultur Mahaiarekin eta Sanagustin kulturgunearekin batera.

'Xora' filma eskainiko da topaketei hasiera emateko. Zubereraz egindako lehen filma da. Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten iaz baina Hegoaldean zinean ikusteko lehen aukera izango da Azpeitikoa. Sarrera 3 euro izango da.

Bigarren egunean, kantu jira egingo da kalez-kale. Azpeitiko eta Zuberoako lagunak elkarrekin kantuan arituko dira.Gero, Sanagustinen, 'Sendaezinak' etxeko taldea eta 'Joxe Replay', Baionakoa, entzuteko aukera izango da.

Azkenik, hirugarren egunean, hemengo pilotarien eta Iparraldeko en arteko desberdintasunak edo jokamolde ezberdinak erakutsiz eta era berean, jokatuz, elkartrukea egingo da Frontoi Txikin. Gauza bera egin nahi da dantzekin. Iparraldeko 'mutxikoak' dantzen saioa egingo da, nahi duenarentzat irekita, herriko dantza taldeekin eta Hebentikekoekin.

Harremanak sendotzeko, bazkaria egingo da gero, Sanagustin kulturgunean -nahi duen ororentzat zabaldua hau ere- eta amaiera, arratsaldean emango zaio, Zuberoatik ekarritako pilota, dantza, musika eta bertsoa batzen dituen 'Pilotarhitza' ikuskizunarekin.

Sarrerak aurrez salgai jarriko dituzte, 8 euroren truke, Sanagustinen bertan eta sanagustinkulturgunea.net webgunean. Egunean bertan, 10 eurotan salduko dira.

Dokumentuaren akzioak