Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Zuberoako inauteria eta gure komeria

Dokumentuaren akzioak

Zuberoako inauteria eta gure komeria

Egilea
Gorka Mostajo Galduroz
Komunikabidea
Hiruka
Mota
Iritzia
Data
2016/05/05
Lotura
Hiruka

Betikotasuna adierazten duten nekazal paisaiak, ipuinetatik aterata diruditen herrixka txikiak, ulergaitz egiten zaigun euskalkia, bere dantzen ikusgarritasuna eta zuberotarrek abesteko duten dohain erdigenetikoa. Horiez guztiez goza genezake Zuberoako maskaradan. Neguko inhauteri hori urtero egiten den arren, ez da lan makala berori antolatzea, batez ere, Zuberoako populazioa kontuan hartuta. Urterik urte herri desberdin batek hartzen du, 3 hilabetez, igandero eta herriz herri, maskarada plazaratzeko ardura, lurraldeko gazteen presentzia nabarmena izanik.

Bizkaian, ehunka gazte gara euskal dantza tradizionaleko talde desberdinetan gabiltzanak. Uribe Kostan, zortzi bat dantza talde izango dira. Portugalete bezalako herri txiki batean, hiruzpalau. Ditugun baliabideekin, ahal genukeena baino emanaldi kaskarragoak egiten ditugu ordea. Zergatik? Zuberotarra baino ulergaitzagoa egiten zaidan izaera dugulako: “sektario” batzuk garelako. Talde sanoaren itxura eman nahian edo nolabaiteko talde-urguilu batek bultzatuta, gutxitan eskatzen diogu aldameneko taldeari laguntza, oso ohikoa den dantzari gabezia baten aurrean gaudenean. Ekitaldi asko, “konplitzearren” egiten ditugu eta ez gara konturatzen ikusle bezala aldameneko taldeko dantzariak izango ditugula begira, gure dantzari gabeziaz soberan jabetu eta gure arazo berdina pairatzen dutelarik. Nor engainatu nahi dugu? Maskaradak antolatzeko jendea, denbora eta auzolana behar dira. Aurtengoak amaitu dira baina ea ba datozen maskaradetan, euren dantza urratsak bideotan ekartzeaz gain, azken osagai hori ere ekartzen dugun dantzari bizkaitarrek: Elkarlana. “Sekta” izateari utzi eta dantzatalde bilaka gaitezen. Gutxi gara honetan ari garenak, lagun diezaiogun elkarri.

Dokumentuaren akzioak