Dokumentuaren akzioak
Zuberoako dantzen «gramatika» argitaratu du Interfolkek
Ikerfolk Euskal Folklorearen Ikerkuntza elkarteak "Jira galdua" aldizkariaren hirugarren edizioa aurkeztu berri du Donostian. Bertan, "Aintzineko püntiak" izenburupean, egun Zuberoako maskarada eta pastoraletan erabiltzen diren pausoak ikasteko arauturiko irakaskuntza metodo bat aurkeztu da. Aldizkariaren ale berriaren egileetako bat eta Ikerfolkeko kidea den Jexux Larreak adierazi zuenez, «guk sortutako eta Gipuzkoako dantza tradizionalen pausoak irakasteko 1998an kaleratutako lehen aldizkarian argitaratu genuen metodoaren jarraipen bat da» aldizkariaren azken alea. Beraz, "Jira galdua 3: aintzineko püntiak" aldizkarian, Ikerfolkeko kide diren Jexux Larreak eta Fernando Aristizabalek sorturiko Zuberoako dantzen gramatika arautu bat aurkeztu da. «Gramatika hau sortzeko lehenbiziko pausoa existitzen diren 47 pausoei izena ematea izan zen. Ondoren, aldaketak egin genituen, hots, pauso eta esaldi musikalen lotura, koreografiaren eta musikaren doinua uztartuz. Azkenik, melodiak eta koreografiak aztertu genituen, eta aldaketa guztien lotura izango liratekeenak izendatu», esan zuten bi egileek. Gramatika osatu ondoren, bi egileek irakaskuntza metodo bat egin dute aldizkariaren azken edizioan, pauso guztien zerrenda osoa, aldaketak egiteko hiru ariketa eta bost koreografia tradizional dituena. Halaber, partiturak ere sartu dituzte, teoria praktikan jarri ahal izateko, eta «dantzariari koreografia propioak sortzen uzteko». "Jira galdua" aldizkariak "Points de principe" delakoak ikasteko forma arautu bat aurkitu du. Pauso horiek lehen dantza maisu zuberotarrek irakasten zituzten.
Dokumentuaren akzioak