Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Zomorroak

Dokumentuaren akzioak

Zomorroak

Juan Antonio Urbeltzek dioenez, kultura akademikoak ez du nekazarien ikuspegia ulertzen jakin eta inauteriei buruzko interpretazio okerrak hedatu izan dira luzaroan. Mozorro-zomorro ideia dago, haren ustez, tradizioon atzean: mozorroekin zomorro bihurtzen zen jendea eta halaxe, zaldien isatsak eta joareak baliatuta, egiten zituzten udaberriarekin batera iritsiko ziren intsektuak uxatzeko konjurak.
Egilea
Miren Amuriza
Komunikabidea
Berria
Mota
Iritzia
Data
2017/12/22
Lotura
Berria

Zomorro jendea neguko solstizioaren atarian ere biltzen da ordea, San Tomas jaien inguruan. Han ibiltzen dira kilkerrak, kri-kri-kri, isildu ere egin barik, parera datorkien edonori konbertsazioa ematen. Ibiltzen dira kakarraldoak, zakar fama daukaten kuadrillako lotsatiak. Inurri jendea, taldean beti, egundo taberna batera bakarrik sartuko ez liratekeenak. Eta jende matxinsaltoa, lagun multzo batetik bestera jauzika egiten dutenak parranda. Armiarmak, seduktore diskretuak. Eta tximeletak, kosta ahala kosta ingurukoen arreta eurenganatzen saiatzen direnak. Han ibiltzen dira euli mareatuak, ingurukoak bi, lau, sei, zortzikoiztuta ikusten dituztela. Eta erle moko luzeak, inoren edalontzitik xurgatzeko prest beti. Jende mandeulia (arriskutsu samarra), harrapari gogaikarriak baina prebisibleak. Eta eltxo jendea (benetako arriskua), nahiz inofentsiboak eman, nahinor ziztatuko luketenak. Han ibiltzen dira denak, zomorro-zomorro, mozorrorik jantzi ez arren ere.

Dokumentuaren akzioak