Dokumentuaren akzioak
Zomorroak
Zomorro jendea neguko solstizioaren atarian ere biltzen da ordea, San Tomas jaien inguruan. Han ibiltzen dira kilkerrak, kri-kri-kri, isildu ere egin barik, parera datorkien edonori konbertsazioa ematen. Ibiltzen dira kakarraldoak, zakar fama daukaten kuadrillako lotsatiak. Inurri jendea, taldean beti, egundo taberna batera bakarrik sartuko ez liratekeenak. Eta jende matxinsaltoa, lagun multzo batetik bestera jauzika egiten dutenak parranda. Armiarmak, seduktore diskretuak. Eta tximeletak, kosta ahala kosta ingurukoen arreta eurenganatzen saiatzen direnak. Han ibiltzen dira euli mareatuak, ingurukoak bi, lau, sei, zortzikoiztuta ikusten dituztela. Eta erle moko luzeak, inoren edalontzitik xurgatzeko prest beti. Jende mandeulia (arriskutsu samarra), harrapari gogaikarriak baina prebisibleak. Eta eltxo jendea (benetako arriskua), nahiz inofentsiboak eman, nahinor ziztatuko luketenak. Han ibiltzen dira denak, zomorro-zomorro, mozorrorik jantzi ez arren ere.
Dokumentuaren akzioak