Dokumentuaren akzioak
Zilarrezko Domina Aroma eta Barruetabeñari Euskal Herriko txistulari elkartearen eskutik
Zapatuan, 09:30ean, Durangoko Udaletxean abiatuko duten txistularien kalejiragaz ekingo diote Juan Antonio Aroma eta Karmelo Barruetabeña txistulariak omentzeko antolaturiko egitaraua.
Hainbat musikarik hartuko dute azaroaren 5erako Euskal Herriko Txistulari Elkarteak antolatu duen omenaldi ekitaldian parte. Alkate soinua kantaren emanaldia egingo dute, eta omenduei harrera egingo diete agintariek ondoren. Durangoko San Agustin kulturgunean izango da omenaldiko ekitaldi nagusia: Txistulari Elkarteko presidentearen eskutik jasoko dute musikari biek zilarrezko domina.
“Durangaldean hain ezagunak diren txistulari biek bizitza osoa daramate txistuaren doinua nonahi zabaltzen”, diote bultzatzaileek; “Zaletasunez, herriarekiko konpromisoz, eta txindurri lanean” jardun dutela.
Zazpi urte zeuzkanetik jotzen du Juan Antonio Aromak txistua, eta bederatzi zeuzkanetik Barruetabeñak. Durangaldeko hainbat dantza talderi musika jartzen jardun dute biek hamarkadetan, eta Durango dantzan (1776-1960) liburua eta Iurretako dantzak diskoa argitaratu dituzte.
Dokumentuaren akzioak