Dokumentuaren akzioak
Zezen plazan dantzan
Bi orduz zezen plazan atzera eta aurrera bueltaka zezenen modura ibiliko dira gaur Itineris Apur BAD
ikuskizunera joango diren ikusleak. Ana Martinezek ekimenaren
koordinatzaileak azaldutakoaren arabera, bogan dagoen ikuskizun mota da Site specific
deritzona. Leku jakin baterako espresuki sortutako esperimentazio
ikuskizuna. «Antzerki eta dantza ohiko agertokitik atera nahi izan
genuen duela sei urte, horretarako Itineris Apur BAD ekimena
sortuz». Aurreko ekitaldietan hiriko metro geltokiak, museoak, lantegiak
eta hotelak agertoki bilakatu zituzten. Aurten Bilboko zezen plazak
Itziar Madariaga, Pako Revueltas, Rafa Aceves, Irene Bau eta Bego
Kregoren lanen estreinaldiak hartuko ditu. Itineris-ek txikiena
espazio handian nola eskaini daitekeen aztertuko du gaur. Arte pieza
txikiak, ikus-entzule gutxirentzat, jende askorentzako ikuskizunak
jasotzen dituzten lekuetan.
Artea zezen plazan barrena
Hiru
emanaldi izango dira, 18:00etan, 19:00etan eta 20:00etan, eta
bakoitzean 50 ikusle. Sartu ahala, Toreatzaileen Gelan batuko dira
ikus-entzuleak. Kalean gaua da eta ikuskizunerako prestatutako argiek
gidatuko dute publikoa zezen plazan barrena. Gaur ikusiko dituzten
artistek pare bat hilabete daramatzate zezen plazarako obra hauek tentuz
sortzen. Ikus-entzuleak 4. harmailan dagoen tabernara joango dira, eta
han Itziar Madariaga multimedia artistaren eskutik soinu ibilbide bat
hasiko dute. Ondoren, zezen plazako karrajo ilunetan barrenduko dira El
Apartado esaten zaion gunera iritsi arte. Bertan, Bego Kregok eta beste
hiru dantzarik txoko horretarako espresuki sortutako Así y restar
dantza ikuskizunarekin egingo dute topo. Ikuskizun horrek itxaroteari,
zalantzari eta bizia salbatzeko desioari buruz gogoeta egitera
gonbidatuko ditu ikusleak. Zezenak hondarrera irten aurretik egiten
duten ibilbidea eginez, jendeak zezen tokian egingo du hurrengo
geldialdia, Irene Bauren Encierros. La cárcel dentro de la carcel
antzerki lanaz hausnartzeko. Zezen plazetan ohikoak diren ingurune itxi
horietan sartzera gonbidatuko ditu ikusleak, preso gisa egoteak ze
sentipen sortzen duen bizi dezaten. Irene Bauk zabaldu eta itxi egiten
diren ateak behin eta berriro zeharkatuko dituzten antzezleak zuzenduko
ditu. Jarraian, kortan, Rafa Acevesek Pasodoble lanaren bidez musika konpositore baten sormen prozesua azalduko du. Pako Revueltasek Aquí no pasa nada
performance ikuskizuna eskainiko du hiltegian, torturaren inguruko
gogoeta kritikoa sustatzeko asmoz. Ibilbidea hareatzan amaituko da,
Itziar Madariagaren musikak lagunduta.
Bilboko Bildu udal taldeak
salatu du XIII. BAD jaialdian euskarak ia presentziarik ez izatea, atzo
zabaldutako agiri baten bidez, aurkeztu diren 22 lanetatik euskarazko
bakarra dagoela nabarmenduz.
Bego Kregoren Así y restar . / MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS
Dokumentuaren akzioak