Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Zerutxu dantza taldeko emakumeek dantzan hartu dute Arretxinaga

Dokumentuaren akzioak

Zerutxu dantza taldeko emakumeek dantzan hartu dute Arretxinaga

Gaur [irailak 29] San Migel egunagaz eman diote hasiera Arretxinagako jaiei.
Egilea
Mikel Reina Barros
Komunikabidea
Lea-Artibaiko Hitza
Tokia
Markina-Xemein
Mota
Erreportajea
Data
2022/09/29
Lotura
Lea-Artibaiko Hitza
Zerutxu dantza taldea ezpata dantza dantzatzen

Arretxinagako jaietako San Migel Egunean, ohi modura, Markina-Xemeingo Zerutxu dantza taldea plazara atera da, baina ez beti bezala. Aurten lehen aldiz emakumeek Xemeingo ezpata dantzan parte hartu dute. Nahiz eta euria egin, asko izan dira karpa azpian babestu diren herritarrak egun historikoa bizitzeko prest.

 

Ermitako meza amaitu bezain laster atera dira dantzariak plazara. Irribarreak izan dira nagusi dantzarien artean, zortzi emakumek parte hartu dute ezpata dantzan. “Bazen ordua”, esan du ikusleren batek. Txalo eta animoen artean babestu dituzte dantzariak uneoro, eta ezin hobeto egin dute dantzan.

Zerutxu dantza taldeko dantzaria

“Oso pozik gaude egun historiko hau bizitzeagatik, oso gustura aritu gara dantzan”, adierazi dute dantzariek. Koronabirusaren aurretik zuten esperantza neska eta mutilek batera dantza egiteko, baina ezinezkoa izan zen. Gogor egin dute lan entseguetan, eta horrek segurtasuna eman die dantza egiterakoan. Besarkadak izan dira nagusi dantzarien artean emanaldia amaitu denean, mahaiaren inguruan elkartu dira hamaiketakoa jateko, egun historikoa ospatu beharra dago.

Zerutxu dantza taldea Arretxinagako ermitan

Hala ere, oraindik bigarren atala dute aurretik, gauean mahai gainekoa dantzatuko baitute neska-mutilek. Ez da lehen aldia dantza talde markina-xemeindarrak berdintasunaren alde egiten duena. 2020an aratusteetako saragi-dantza eta karmenetako aurreskua neska-mutilek ere dantzatu zituzten. Zerutxuren testigua, Blue Ye-Yés taldeak hartu du eta bertaratutakoen gorputzak berotu ditu euriari eta hotzari aurre egiteko.

Herritarrak kantaldiaz gozatzen.

Arratsaldean, herri kirolari egingo diote tartea, pentatloiari, hain zuzen ere. Bi bikote ariko dira nor baino nor gehiago, batetik Xabier Zaldua eta Ainhoa Orbe, eta bestetik, Karmele Gisasola eta Ioritz Gisasola. Musikagaz girotuko dute iluntzea, lehendabizi Tarine musika eskolakoen emanaldiagaz eta Irai taldearen kantaldiagaz, ostean.

IKUS EGITARAUA

 

Dokumentuaren akzioak