Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Zerutxu, 50 urtez, Markina-Xemein dantzan jartzen

Dokumentuaren akzioak

Zerutxu, 50 urtez, Markina-Xemein dantzan jartzen

Zerutxu dantza taldearen 50 urteko ibilbidearen erakusleihoa izan zen astelehen gauean [uztailak 18], Markina-Xemeingo frontoi nagusia.

Herriko dantza taldeak, mende erdi luzean egindako lan oparoaren erakustaldi ikusgarri bat eskaini zuen, eta frontoiko harmaila guztiak bete zituen publikoak maitasunez eta esker onez betetako txalo zaparrada handiagaz erantzun zion.
Egilea
Eider Mugartegi
Komunikabidea
Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza
Mota
Albistea
Data
2016/07/20
Lotura
Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza

50 urtetako ibilaldia egiteko «ezinbesteko» izan duen laguntza eskertu zien Zerutxuk ume, gazte, nagusi, guraso eta erakundeei ikuskizunaren hasieran, eta era berean erantzun zion publikoak, emanaldi osoan, hainbat urtez euskara eta euskal kultura sustatzen egindako lana aintzat hartuz.

50. urteurrena dantzari ohi eta gaur egunekoen bilgune izan zen gainera. 50 urte hauetako protagonistetako batzuk, lehengoak eta oraingoak, bat eginda ikusteko aukera paregabea.

Era guztietako dantzak

Luzaideko dantzekin hasi zuten ikuskizuna Zerutxu taldeko nagusien eskutik, Gipuzkoa aldeko makil txiki dantzak egin zituzten ondoren neska txikiek, eta banderak altzatuaz Dantzari dantza eskaini zuten Zerutxuko mutil gazteek lau hilabetez entsegatutakoa jendaurrera ekarriz.

Iparralderantz jo zuen gero, ikuskizunak. Zuberoako Maskarada dantzen zati batzuk eta ohiko inauterietan egiten diren funtzioak erakutsi zituzten, ikusgarri, dantza taldeko neska nagusiek. Zerutxuko mutil nagusiek, berriz, Oñatiko Corpus dantzak –San Sebastian zortzikoa, San Miguel kontrapasa, banakoa, launakoa eta zortzikoa, makil dantzak, eta azkenik, arku dantza– plazaratu zituzten.

Txikiak ere protagonista handiak izan ziren, eta jardunaren podeioz prestatu duten Irri dantzak dantzatu zituzten.

50 urtetako partaide legez frontoian egon ziren Zerutxuko dantzari ohiak ere, Gorularien dantza egiteko, eta dantzaz dantza ikuskizuna amaierara ailegatu zen.

Omenaldia

Ekitaldia amaitzeko, baina, ez zituzten ahaztu nahi izan, urte guzti horietan taldeko partaide izan direnak eta gaur egunekoak, ez eta taldearen sorreran esku hartu eta lagundu zuten herritarrak ere. Hori dela eta, aipamen berezia eta omenaldia egin zieten, proiektu erraldoi horretan hasieratik egon diren Felipe Amutxastegi eta Pili Garitaonaindia, eta Imanol Aretxabaleta eta Arantza Arrizabalagari.

Zerutxuko dantzari ohiak Domingillo dantzatzen.

Imanol Aretxabaleta, Arantza Arrizabalaga, Pili Garitaonaindia eta Felipe Amutxastegi omendu zituzten.

Dokumentuaren akzioak