Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Zer izan gara eta zer izan nahi dugu, horra transmisioa

Dokumentuaren akzioak

Zer izan gara eta zer izan nahi dugu, horra transmisioa

Badago zer egina, badago zer ikasia, badago zertaz kexa… Nola adierazi, ordea? Transmisioa landu behar dugu herritarrok, harremanetan sakondu, hor dago gakoa. Sustrai eta Odei urruñar bertsolarien hitzak dira horiek. Izan garena ezagutu behar dugu, izan nahi duguna zehazteko. Horratx, Urruñako Zintzarrotsak ikusgarriak helarazi dizkigun lemak.
Egilea
Mikel Asurmendi
Komunikabidea
Argia
Mota
Albistea
Data
2014/06/09
Lotura
Argia

Gaiak ez dira eskas Euskal Herrian, Urruña lekuko: Santa Flora parkea, Conserver XXI enpresa edota Berttoli elkartea iraganean, hala Abiadura Handiko Trena (AHT), nola Euskara edo Gaztetxea gaur egun. Sujetak ere franko: jauntxo zakilak zein herritar porrokatuak.

Ttotte Mendigaine laboraria eta Sakelbero bankaria entzun genituen AHT karioaren karietara. Laborariak zirtzilak lagun zituen, bankariak jendarmeak. Jauntxoa Parisera fite joateko presaz, herritar xumea ama lurrari lotu beharrez. Entzun genituen halaber –euskara auzitan–, Finfin amiñi mentsa eta mademoiselle ukatzaile harroputza. Ibai Gorri eta Larregorri herritarrek elkarri mokoka jardun zuten ondoren. Euskara gibelera eramaten gaituen zozoen hizkuntza dela zioen frantximentak, gazteak irmo egin zion buru, kolonizatzaileari.

Mari Kutzu andereak istorio ilunak ekarri zituen plazara: Santa Flor bilakatutako Florenia eta Conserver XXI. Michelle Alliot-Marie ministroaren arima zitala sumatu genuen airean. Iraganeko eskrokeria edo iruzurren usainak ez dira plazatik uxatu oraindik ere. Herritar anonimoa ere mintzatu zen, bere izena azaltzeko beldur. Berttoli herriko elkartean izan ziren auziak ez dira kitatuak. Metrailetak ez ezik, misilak ere gordetzen omen zituzten bertan. Uxerak –estatuaren prokuradoreak edo fiskalak– ez ditu aise ixten iraganeko dosierrak. Egungo gazteriari mesfidantzaz so egiten diote jauntxoek zein agintariek. Espetxeak hustea eta Gaztetxea eraikitzea eskatu zituen Iluna gazteak.

Hiru gertaldi jokatu ziren, hainbat gai edo afera epaitu, eta hainbat aktore aritu. Batzuk hobeto bestetzuk baino euren rolean. Transmisioa landu beharrak ageri. Ikusleen artean zegoen Antton Luku antzerkigilearen eleok burura heldu zitzaizkidan: “Ene kezka transmisioa da, aktorea sortzaile bilakatzea”.

“Ezina ekinez egina” lemak uxatu zituen etsipen lipartxo horiek. Jujea, uxera eta abokatua deliberoa hartzera erretiratu ziren plazatik. Zirtzilen eta hedexurien –jendarmeen– arteko liskarrek bizkortu zituzten ikusleen arimak. Musikarien kantuek berriz, iragana eta geroa uztartu zituzten oraina goxatuz. Dantzariek zintzarriak inarrosi zituzten kabalkadaren erritmora. Bertsolariek gaiak eta hitzak lerroan eman zituzten berriz ere: “Esperantza” eta “jakintza” errimatu zituzten finitu aldera. Erabakitzea gure esku dagoela adierazi zuten. Eskubideak ez direla aldarrikapen soilak, eskubideak egunero ekinez gauzatzen direla ezinbestez.

Jujearen deliberoak ezagutu genituen azkenik: herri aldarrikapenen aldekoak, zentzukoak. Herritarrok eskubideok geure egiten ikasi behar dugu, ordea. Neroni azken epaia muturrekoa iruditu zitzaidan: jujeak uxera kalitzea agindu zuen. Justizia ez da jujeen esku soilik, ez jakintsuen ez mentsen esku ere.
                                            *   *   *
2014 Urruñako Kabalkada Zintzarrotsak:
Sortzaileak:
Gerard Urrutia, Joseba Aurkenerena eta Zelin Duperou.
Non: Urruñako Pilota plazan;  (Lapurdi). Noiz: ekainaren 7an.
Datorren ekitaldia: 15ean, igandean, arratsaldeko 5etan.

Mahai erdian jujea, uxera eta abokatua alboan dituela. Musikariak eta kantariak hondoan.

Mahai erdian jujea, uxera eta abokatua alboan dituela. Musikariak eta kantariak hondoan.

Hedexuriak eta zirtzilak izan ziren animatzaile bizkorrenak.

2014ko Urruñako Kabalkada Zintzarrotsak. Hedexuriak eta zirtzilak izan ziren animatzaile bizkorrenak.

Dokumentuaren akzioak