Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Zentzumenei dei eginez, Donostian abiatuko da zazpigarren Dantza Hirian jaialdia

Dokumentuaren akzioak

Zentzumenei dei eginez, Donostian abiatuko da zazpigarren Dantza Hirian jaialdia

Lapurdi eta Gipuzkoako zortzi udalerritan ospatuko da Dantza Hirian jaialdia etzitik hilaren 23ra bitartean. Doako emanaldiak izango dira, arkitektura, dantza eta ikusleak elkar hartuz.
Komunikabidea
Gara
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2012/09/12
Lotura
Gara

«Egin so. Sentitu, entzun, ukitu dantza!» lelopean, Donostiako Bulebarrean abiatuko da ostiralean zazpigarren edizioa betetzen duen Dantza Hirian jaialdia. Baiona-Donostia euskal Eurohiriko zortzi udalerritan izango da aurten; Baionan, Donibane Lohizunen, Biarritzen, Azkainen, Hendaian, Irunen, Errenterian eta Donostian -iaz Angelun ere izan zen- .

«Herri bakoitzean giro berezia sortuz, Dantza Hirian jaialdiak kalitateko proposamen artistiko ugari eskaintzen ditu, gaur egungo dantzaren munduan ospe handia duten konpainia profesionalen eskutik», azaldu zuten aurkezpenean. Gainera, jaialdiak hiru lankidetza berri lortu ditu zazpigarren edizio honetan. San Telmo Museoak (Donostia), L'Atalante zinemak (Baiona) eta Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteak bat egin dute proiektuarekin.

Donostian, «Ceci n´est pas une performance!» lanaren estreinaldia eskainiko du Mimizango Androphyne taldeak ostiralean, 11.00etatik 13.00era. Arratsaldean, berriz, beste estreinaldi bat izango da Bulebarreko kioskoan: Anakrusa donostiarrak «Insitu» eskainiko baitu 18.00etan. Alde Zaharretik mugitu gabe, 18.20ean, Manuel Rodriguez eta Elias Aguirre madrildarrek «Escualido Marsupial» dantzatuko dute La Bretxa merkataritza gunean, eta hogei minutura Maura Morales kubatarrak hartuko die testigua, «Hipocondríaca» lanarekin. Bukatzeko, San Telmo Museoan La Intrusa Danzako Virginia Garcia eta Damian Muñozek 19.00etan hasiko dute emanaldia.

Larunbatean, Donibane Lohizunera egingo du jaialdiak goizez, eta Irunera arratsaldez. Louis XIV.aren plazan 11.30ean hasiko da Elias Aguirreren «Longfade» emanaldia eta eguerdian Francescak «I-Sola» dantzatuko du. Arratsaldean, Irungo Zabaltza plazan, 18.30etik aurrera, Manuel Rodriguez izango da «Limits» lanarekin, eta gero Maura Moralesek eta La Intrusa Danzak Donostian egindako emanaldiak errepikatuko dituzte.

Datorren asteburuan jarraituko du jaialdiak: Errenterian (ostirala, 21) eta Baionan (larunbata, 22). Gainera, ikastetxeentzako programa berezia egingo dute Azkainen eta Hendaian eta San Telmo Museoan, hilaren 20ra bitartean, zabalik da dagoeneko argazki erakusketa bat. Aurreko edizioen inguruan sortutako atzera begirako erakusketa bat da, eta Gorka Bravo argazkilariak bere ikuspuntutik aurkezten ditu gaur egungo dantza eta hiri-eremua.

Dokumentuaren akzioak