«Zazpi jauziz, herri bat» ekimena prest du Gure Eskuk iganderako

Gure Eskuk antolatuta, Zazpi Jauzi dantza egingo da igande honetan, 12.00etan, Euskal Herriko zazpi hiriburuetan: Maulen, Donibane Garazin, Baionan, Donostian, Iruñean, Gasteizen eta Bilbon. «Nazio gisa jauzi bat, etorkizunez beteriko jauzi bat».

Hedabidea
Gara
Mota
Albistea
Data
2026/10/22
Esteka
Gara
Irati Alvarez eta Josu Etxaburu, Gure Eskuko eledunak.
Irati Alvarez eta Josu Etxaburu, Gure Eskuko eledunak. (O.MATXIN)

«Nazio gisa jauzi bat» irudikatzeko, hitzordu berezia jarri du Gure Eskuk igande eguerdi honetan Euskal Herriko zazpi hiriburuetan. Hiritarrak 12.00etan daude deituta Maulen, Donibane Garazin, Baionan, Donostian, Iruñean, Gasteizen eta Bilbon Zazpi Jauzi dantza egitera. «Etorkizunez beteriko jauzi bat» bezala definitu dute ohar batean.

«Dantza egin dezagun eta ospa dezagun bizitza elkarrekin. Marraztu dezagun, berriz ere, zazpi lurraldez osatutako herri bat. Komunitatea egin dezagun. Eta esan dezagun, ozen, euskal nazioak jauzi bat egin behar duela, lurraldetasunaren arloan, euskararen normalizazioan, nazio aitortzan edo burujabetza osoaren bidean, eta instituzioek, alderdi politikoek eta eragile sozialek bultzatu behar dutela salto hori», adierazi du Josu Etxaburu bozeramaileak.

Gure Eskuk gogorarazi du «XXI. mendeak erronka erraldoiak» dakartzala hainbat arlotan, eta, gainera, «olatu erreakzionario bat astintzen ari dela Europa osoa; herrien eta pertsonen eskubideak zapaldu nahi dituen mugimendu bat», alegia.

«Testuinguru horretan, funtsezkoa da euskal herritarrok geure nazio sena biziberritzea eta burujabetza esparruak eskuratzea. Hain zuzen ere, erronka horiei erantzuteko, geure identitate eta kulturari eusteko eta geure herritarren eskubideak babesteko eta zabaltzeko. Horregatik diogu inoiz baino beharrezkoagoa dela herri honek jauzi bat egitea aurrera», adierazi du Etxaburuk.

«Ez diogu beldurrik etorkizunari». Izan ere, etorkizunera begira egindako ekimen bat izatea nahi dute antolatzaileek. «Etorkizuna ilun marrazten digute askotan, baina guk ez diogu beldurrik etorkizunari. Konfiantza dugu gure herriarengan. Euskal Herrian bada aurrera egiteko nahikoa esperientzia eta ezagutza. Etorkizunez beteriko herria gara, eta hori ere agerian geratuko da igandean, zazpi hiriburuetako plazetan», esan du Gure Eskuko bozeramaileak.

Gure Eskuk nabarmendu du igandeko ekitaldia hamarnaka kideren, hainbat dantza talde eta dantzariren, eta herritar askoren lan andanari esker aterako dela aurrera, eta eskerrak eman dizkie guzti-guztiei, auzolanari aldarri eginez: «Hori ere herri honen DNAn dago, auzolana; ezinbestekoa, aurrera egiteko. Eta, berriz ere, ikusten ari gara, alde horretatik ere osasuntsu gabiltzala».