Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Zapi gorria, aurrera

Dokumentuaren akzioak

Zapi gorria, aurrera

Gaur hasita, su festak, zekorketak eta kontzertuak izango dira, sei egunez, Debako jaietan nagusi

Egilea
Anakoz Amenabar
Komunikabidea
Berria
Tokia
Deba
Mota
Albistea
Data
2008/08/14

Erraldoi eta buruhandiak izango dira lehendabiziko protagonistak, musika banda, txistulari eta Lizarrako dultzaineroekin dantza eginez. Ozio-bide elkartearen ohiko danborrada eta Drindots taldearen dantzaldiarekin goizaldera arte luzatuko da hasierako festa gaua.

Eskulangintza azoka goizetik izango da prest bihar, dultzainero eta trikitilariek saltokiak alaitu bitartean. Arratsaldean, herri kirolak ikusteko aukera izango dute zezen-plazara biltzen direnek eta gauean rocka izango da nagusi.

Etzirako, jaietako egun handirako, egitarau betea dute debarrek. Zekorren entzierroarekin eta enbolatuekin gozatuko dute goiztiarrenek, 08:00etan. Jarraian, Plaza Zaharrean, Ezpatandantza saioa eskainiko dute Gure Kai taldeko dantzariek, San Rokeren irudiari agur eginez. Eta arratsaldean txikienek jolasak izango dituzte, 17:00etatik aurrera, eta zezen zaleek, berriz, zekorketa Raul Camara eta Ivan Abasolo toreatzaileekin. Gauean, Zaragozana etxearen su festa izango da hondartzan eta Ufaka Zanpakaren ikuskizuna karpan.

Marinel eguna igandean izango dute, urteroko Kardantxulokantujirarekin hasita; 06:30ean abiatuko da Plaza Zaharretik. Entzierro eta enbolatuak amaituta, ezin arrainik falta itsasoari lotutako egunean; sardinak izango dira hamaiketakoa. Herri bazkariaren ostean, kukañak eta estropadak izango dira protagonista, 18:00etatik aurrera, Debako Lehen Ikurriñean.

Astelehenean zekorrak izango dira osagai ezinbesteko, goizeko entzierroan eta arratsaldeko saioan. Horretaz gainera, haurrentzako jolasak, adinekoentzako hamaiketako berezia eta gauean Gozategiren dantzaldia izango dira.

Umeen egunarekin amaituko dituzte jaiak, asteartean. Haurrentzako entzierroa, dantza, desfilea eta arratsaldeko jaialdiak agurtuko dituzte sanrokeak. Disko jaiak goizalde arte luzatuko du amaiera.

Dokumentuaren akzioak