Dokumentuaren akzioak
Zangoak, izterrak eta ipur masailak
$Shot
Arteleku berriztatuaren inaugurazio ekitaldiarekin batera Mugatxoan izeneko programaren lehen emanaldia ikusi genuen ostiral arratsaldean. Jon Munduate eta Blanca Calvo dantzariek zuzentzen duten proiektuak Portoko (Portugal) Serralves fundazioarekin kolaboratzen du aurten eta horrek nolabaiteko zabalkundea emango dio gure artean aitzindaria den proiektuari.
Hasierako ekitaldi honetako lehen irudia neska biren kuleroak dira. Izan ere, ikusleok jesartzen garenerako eszena gainean daude dantzari biak, kuxin puzgarrien artean etzanda, atzealdea eta hankak nabarmenki erakusten dizkigutela. Albo batean dago soinu-banda sortzeko tresneria eta bertan dagoen mikrofonotik zuzenean entzuten ditugu paper urratu eta tximurtuen hotsa, edota plastikozko poltsek egiten duten zarata, beste erritmo eta soinu elektroniko batzuekin nahastuta.
Pornografiaren inguruan eratutako proposamen honetan ez gara inolaz ere murgiltzen mundu horren estetika gogor-gogorrean, baten batek agian espero zukeen moduan. Alderantziz, Jennifer Lacey eta Erin Cornell dantzariek tentu handiz esploratzen dituzte eremu labainkor eta ilun horretako bazter batzuk. Ez guztiak, baina bai nahikoak.
Behaketa baino gehiago, kontenplazioa
Baina tentu handiz esploratzeak ez du esan nahi beldurrez egitea edo bidearen erdian geratzea. Esku-programan azaltzen diguten bezala, lan honek voyeurismoaren eta kontenplazioaren arteko harremana aztertzen du, eta ni ados nago, gurea behaketa hutsa izan delako. Edo behaketa baino gehiago, kontenplazioa, hau da, zenbait unetan mundutik kanpo egotea gorputzen mistizismoari erreparatuz, bihotza berotzeko samurtasunik ezean.
Beste une batzuetan, ordea, gorputzen balio mekanikoa nabarmentzen da, edo plazererako erabilera fisiko hutsa. Eta oso interesgarria izan da azterketa, dantzariek gizonekin arituko balira bezala jokatzen baitute, baina ez gizonen gozamenerako, pornoan gertatuko zen moduan, baizik eta emakumeen irudia alde estetikotik aztertzeko, nahiz eta jakin edo beharbada horrexegatik alde estetiko hori guztiz esperpentikoa dela pornoaren baitan.
Beraz, zalantza izpirik ez proposamenaren zintzotasunaren inguruan. Emaitza aldetik, berriz, argi dago erritmo falta itzela izan duela lanak eta larregi luzatzen dituztela noizbehinkako aurkikuntzak, haietariko batzuk zinez bikainak izan arren.
Dokumentuaren akzioak