Zaldibarko kaleak ezpataz, makilez eta txilinez beteko dira zapatuan. Eskualdeko bederatzi udalerritatik joandako 11 dantza talde bertan batuko dira Durangaldeko Ezpatadantzarien Eguna ospatzeko. Ospakizunak eguerdi aldera egingo dira, 13:00ean hasita, Euskal Herria etorbidean. Hala ere, dantzariak Olazar aldean batuko dira lehenago, 12:30ean, ospakizuneko argazki ofizialak han egin eta ostean kalejiran abiatzeko. Eguna trikitilariekin amaituko dute. Gorka Valdes soinulariarekin eta Mikel Elizaran panderojolearekin. Erromeria 14:30etan izango da, kalerik kale.
"Lan nekaezina"
Dantza saioari ekin baino lehen, ordea, Balendin Lasuen omenduko dute, politikari, enpresari, kultur sustatzaile eta ikerlari zaldibartarra jaio zen 100. urteurrenagaz bat eginda. Lasuenek lan handia egin zuen Euskal Herriko kultura suspertzen. Zaldibarko Koralean, herriko alkatetzan eta herriko kultur bizitzan asko eragin eta beste horrenbeste erein zuen. Dantzaria ere izan zen. Zortzi urterekin irten zuen lehenengoz plazara, 1932an. Eneritz Azpitarte Zaldibarko alkateak Lasuenek urteetan egindako ekarpena azpimarratu du: "Ezpatadantzari Egun hau aukera ezin hobea da Balendin Lasuenek gure herriaren, eskualdearen eta Euskal Herriaren alde egin zuen lan nekaezina gogoratzeko. Pasio eta konpromiso handiz sustatu zituen euskara, kultura, ikerketa eta udalgintza. Pasioz eta konpromisoz jardun, hain zuzen ere, dena berreraikitzeke zegoen garaian. Balendin Lasuen beti izango dugu gogoan gure herriaren alde egindako guztiagatik”.
Oroimen ekitaldian parte hartuko dutenen artean Zaldibarko Udaleko eta Gerediaga Elkarteko ordezkariak, Zaldibarko Korala eta Balendin Lasuenen familiako kideak egongo dira. Eguraldiak lagunduko ez balu, dantza saioa eta ekitaldia kiroldegian egingo dituzte.
11 dantza talde, 9 pieza
Zapatuko erakustadian parte hartuko duten taldeak honek dira: Zaldibarko dantza taldea, Berrizko Iremiñe eta San Lorentzo, Durangoko Kriskitin eta Txoritxu Alai, Iurretako dantzariak, Mallabiko Gazte Alai, Otxandioko Urduri, Mañariko Andra Mari Zornotzako Udabarri eta Garaiko dantza taldea. Eurekin batera Durangaldeko txistulariak izango dira. Besteak beste, Durangoko Jaizale eta Zornotzako Udazken taldeak. Urtero legez, Dantzari Dantza sorta osoa eskainiko dute: Agintariena, Zortzinangoa, Ezpata joko txikia, Banangoa, Binangoa, Ezpata joko nagusia, Launangoa, Makil-dantza eta Txotxongiloa. Amaieran, soka-dantza edo erregelak egingo dira.
Zaldibarko dantza taldea anfitrioi. Gerediagak azaldu duenez, "2010eko hamarkada hasieratik Zaldibarren dantza taldea, eten luze baten ostean aktibo dagoela esan daiteke. Lehenago egon ziren dantzari batzuk eta dantzara gerturatutako dantzari berriak. Batez ere, San Andres jaietan ateratzen dira plazara, azaroan, eta uztaileko jaietan ere bai. Ospakizun, ekitaldi eta auzoren bateko jaietan eskatu ezkero ere han izaten dira. Talde mixtoa da Zaldibarko dantza taldea, neska zein mutil ataratzen dira plazara Dantzari-dantzan. Baina, badauka, Durangaldeko beste dantza taldeetatik bereizten dituen elementurik: jantziak. Izan ere, ezpatadantzarien artean, gizon zein emakume izan, ezberdin jantzita ateratzen dira plazara. Gaur egun, astero batzen dira entseguetan eta 20 bat laguneko koadrila da guztira, nahiz eta finkoak bederatzi lagun izan".