Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Zahagi Dantzaren kondaira belaunaldiz belaunaldi trasmititu da Goizuetan, eta hori gordeta gelditzeko sortu dut ipuina»

Dokumentuaren akzioak

«Zahagi Dantzaren kondaira belaunaldiz belaunaldi trasmititu da Goizuetan, eta hori gordeta gelditzeko sortu dut ipuina»

Komunikabidea
Kronika
Tokia
Goizueta
Mota
Elkarrizketa
Data
2023/06/17
Lotura
Kronika
Ane Taberna Etxeberria goizuetarra, 'Ni ez naiz zomorroa' ipuina eskuartean duela.

Haur Hezkuntzako irakaslea da Ane Taberna Etxeberria goizuetarra, eta 'Ni ez naiz zomorroa' ipuin ilustratua kaleratu berri du. Goizuetako Zahagi Dantzari buruzko kontaketak, kondairak eta pasadizo ederrak kontatzen ditu ipuinean, letrak eta marrazkiak tartekatuz. Hala, ipuinaren edukia ezagutzeko aukera eman dio Tabernak Kronikari, eta dio «oso pozik» dagoela egindakoarekin. 

Hasteko, zer nolako harrera izan du idatzi duzun ipuinak?

Sekulako harrera izan du, txundituta nago egia esanen badut. Herri mailan izan du harrera eta baita herritik kanpo ere. Alde horretatik oso pozik nago, espektatiba haundirik gabe,  eta produktu lokala izanda, pentsatzen nuen herrian izango zuela inpaktua; baina ikusi dut oihartzun haundiagoa eduki duela, eta horrek asko betetzen nau. 

Tirada guztia saldu dugu dagoeneko, eta orain bigarren tirada batean gabiltza, beraz, esperoan gaude.  

Ipuina da, beraz, marrazkiek izango dute pisua. Hauek Karmele Gorroñok eginak ezta? 

Hori da, Karmele Gorroñok Irrimarra bezala sinatzen du. Ni ez naiz zomorroa ipuin ilustratu bat da, marrazki askorekin eta kontaketarekin. Testu motzak dira orokorrean, testuekin eta marrazkiekin kontatzen da kontatu beharrekoa, nire ustez, irakurtzeko arina. 

Zure aurreneko liburua da, nolako sentsazioak dauzkazu?  

Sentsazio oso onak dauzkat, poz haundia daukat. Lan asko egon da atzetik, eta ikusi dut lan horrek bere fruitua eman duela. Eta, beraz, esan dezaket orokorrean sentsazioak oso positiboak direla.  

Goizuetako inauterietara egiten duzu bidaia, ezta? Zer kontatzen duzu liburuan? 

Ipuina amona batek Goizuetako haur batzuei kontatutako istorio batean oinarritzen da, eta bi gai nagusi lantzen dituzte; alde batetik, garai bateko ikazkinaren bizia eta ikatza lortzeko prozesua; eta bestetik, aurretik aipatutakoari lotuta, gure herriko inauterietako dantza: Zahagi Dantza. Ipuinak azaltzen du nondik datorren Zahagi Dantza, kondairak diodanaren  arabera. Ahoz aho transmititu den istorioan oinarrituta idatzi dut ipuin hau, beti kontatu izan diren istorioa eta kondairak kontutan hartuta. Egia da, ikazkinaren bizia eta txondorraren prozesua, aritu nintzela alde batean eta bestean irakurtzen eta informazioa jasotzen, dokumentatzen. Baina Zahagi Dantzarena, belaunaldiz belaunaldi transmititu den istorioa bat da gure herrian, Goizuetan. Beraz, esan dezaket horretan oinarritu naizela, ahoz ahokoa nonbait plasmatua geldi dadin, bilduma batean, ipuina sortu dut. Orain, gure herriaren kondaira eskuartean irakurtzeko aukera ere badugu.

Zergatik jarri diozu ipuinari ‘Ni ez naiz zomorroa’ ? 

Izen hori heldu da Zahagi Dantzako kanta batean, gure attonek eta amonek kantatzen zuten kanta baten zati txiki bat da. Zati horretan aipatzen da 'Ni ez naiz zomorroa' esaldia. 

Izan duzu erreferenterik hau idazterako garaian?

Orokorrean, nire egunerokotasunean ipuinekin egiten dut lan, txikiei ipuin mordoa kontatzen dizkiet, eta horrek eragina izan du nigan, ez daukat dudarik. Esango nuke haur literaturako testuak eta ipuinak hartu ditudala erreferentzia gisa, ipuinak egiterako orduan eta ez literatura liburu bat.  

Ipuinak badu adin tarterik? 

Ezetz esango nuke, edozeinentzat irakurtzeko ipuin bat da. Askotan, marrazkiak lotzen ditugu haurrekin, baina asko ikasi eta ulertu daiteke marrazki bidez. Haurrentzako oso egokia da  Ni ez naiz zomorroa ipuina, testu gutxi baitago, eta ilustrazio asko, baina heldu batek ere gozatu dezake ipuinaz, ez daukat zalantzarik.  

Errealitatea islatzen dute ipuineko ilustrazioek? 

Bai, gutti gotti betti errealitatean oinarritutako ilustrazioak dira, ilustratzaileak bere ukitua emanez. Adibidez marrazkien bitartez ikusten da Zahagi Dantza. 

Urte bete pasatxo eman dituzu liburuarekin. Nolakoa izan da sortze prozesua? Bideaz gozatu duzu? Luzea egin zaizu?

Esango nuke ideia duela urtebete inguru izan nuela eta hortik aurrera sorkuntzan jarri nintzen buru-belarri, ideia garatzen eta guztiari forma ematen. Urte eta erdi inguru behar izan dut dena osatzeko. Hasieran testua idatzi nuen, eta honi buelta asko eman ondoren, ilustratzaileekin kontaktuan jarri nintzen. Behin ilustrazioekin, argitaratzeko laguntza bila hasi nintzen. 

Prozesua oso erosoa egin zait. Oso aholkularitza ona jaso dut, eta asko lagundu didate, oso xamurra egin zait bidea. Bukaera izan da luzea egin zaidan unea,  ipuina eskuartean edukitzeko irrikaz nengoelako. 

Liburua eskuartean izanik, irakurri al duzu ‘Ni ez naiz zomorroa’?

Bai! Behin eta berriz egia esan (barre artean) 

Goizuetako Udalak herriko kultur ondarea biltzeko egindako lana eskertzeko asmoz, dirulaguntza eman zizuten. 

Bai, eta oso-oso eskertuta nago, bai Udalari, proiektua burutzeko eskainitako dirulaguntza emateagatik; eta horrez gain, 1545 argitaletxeari ere eskerrak eman nahi nizkioke, laguntza haundia eman didate sortze prozesuan eta argitalpen prozesuan. Beraz, oso eskertua nago bi alderdiekin. 

Goizuetarrei zuzenduta doa liburua? 

Herritarrei bai, goizuetarrei zuzendu diet liburua, herriko istorio bat izanik. 
 
Non erosi daiteke ipuina? 

Ipuina erosgai dago Goizuetako Estankoan, Iruñeako Karririki dendan, eta 1545 argitaletxearen webgunean.  

Etorkizun batean ipuin gehiago sortzeko asmoa daukazu? 

Oraingoz, momentuz, argitaratu berri dudan ipuin honekin gozatu nahi dut.  Gero, etorkizun hurbil edota urrun batean, baliteke… Burua martxan dut beti, eta ez dakit noiz hartuko duten forma. Oraingoz, eskuartean dudanaz goxatu nahi dut.

Dokumentuaren akzioak