Dokumentuaren akzioak
XVII. Erromeria Eguna larunbatean ospatuko da
Errenteria euskal giroaz beteko da eta Iurretako dantzak ezagutuko dira
Atzo egindako agerraldi publiko batean, aurreko urtetako eskema berbera jarraituko dutela aditzera eman zuten. Honela 10.45ean diana joko da herriko kaleetan zehar eta 11.30ean hamaiketakoa egingo da Koldo Mitxelena plazan (Esmalteria) indarrak hartzeko.
Ondoren, eguerdian, musikari eta dantzari talde ezberdinak kalez kale aterako dira eta 13.30ean euskal dantza taldeen saioa egingo da Zumardian. “Lehengo urtean erabaki genuen tokian tokiko dantzak Errenteriara ekartzea eta aurten Mikel Deuna dantza taldea gonbidatu dugu Iurretako dantzak erakusteko”, argitu zuen Ereintza taldeko Alain Maya dantzariak. Ereintzak ere erakustaldi honetan parte hartuko du.
Egun osoan zehar talde ugari ibiliko dira herrian. Trikitilariei dagokienez, Txorimaloak, Errenteria Musikaleko taldea eta Ttirriki Ttarraka izango dira. Gainera, Errenteriako gaiteroak, Oarsoaldeko txistulariak eta Zubietako joaldunak egongo dira. Parte-hartzaile nagusi hauez gain, beste hainbat musikari ere izango dira, hala nola txalapartariak, irrintzilariak, trikitilari gazteak, talogileak...
Arratsaldean, 18.00etan, Zumardian ere Erromeria Handia hasiko da, Jon Maia bertsolariaren saio batekin. Alkarkide txarangaren, Ernioko Magalean taldearen (Juan Mari Beltran, Errege Belda eta Andoitz Antzizar) eta Aiko dantza taldearen laguntza ere izango dute.
Erromeria Egunean falta ez den beste ekimen bat herri bazkaria da. Mila Alberro antolatzaileak azaldu zuenez, 500 lagun inguru bilduko dira Koldo Mitxela plazan. Dagoeneko txartelak salgai daude hamabost (helduak) eta hamar (gaztetxoak) eurotan Ereintza elkartean (943 526 553), Arkaitza tabernan, Belen gozotegian eta Paki dietetika zentroan.
Juantxo Maya antolatzaileak herriko 60 bat establezimenduen lagun-tza izan dutela nabarmendu zuen. Ekitaldi honek NOTICIAS DE GIPUZKOAren babesa ere badu.
Ereintza dantza taldeko kideak eta erromeriako partaide batzuk, atzo aurkezpenean.
Dokumentuaren akzioak