Dokumentuaren akzioak
XV. Dantzari Festari gaur emango zaio hasiera Tlarla taldeko txikiekin
Urtero bezala, hernaniarrek Dantzari Festarekin hitzordu
berezia daukate asteburu honetatik aurrera. Aurtengoan, gainera,
hamabosgarren ediziora iritsi da ekitaldia. Gaurtik hasita eta hurrengo
larunbata arte, apirilak 24, herrian zehar dantza eta musika emanaldi
interesgarriak eskainiko dira. Horien artean, Ttarla dantzari txikien
ikuskizuna dago. Gaur burutuko da herrian eta berarekin emango zaio
hasiera Dantzari Festari. Horretaz gain, hurrengo egunetan euskal
janzkien erakusketa ere abian izango da eta, noski, hainbat eta hainbat
dantza ikuskizunekin primeran pasako dute bizilagunek. Bestetik,
erromerien eskutik herrian sortuko den giro ezin hobeaz gozatzeko
aukera izango dute hernaniarrek.
Gaurkoari dagokionez, esan, txikienen txanda izango
dela. Izan ere, eguerdiko hamabietatik aurrera Ttarlaren dantzari
txikiak erdiguneko kaleetan zehar egongo dira euren emanaldiarekin
jendea animatuz. Bigarren irteera ere egingo dute arratsaldean. Honetan
Ttarla dantza taldeko haurrekin batera Egoipar Meakako Irungo
dantzariek ere parte hartuko dute. Baita Donostiako Eskola dantza
taldekoek, Trebeska, Astigar eta Ereintzako dantzariek ere. Eguna
borobiltzeko, arratsaldeko terdietatik aurrera erromeria ospatuko da
Hernaniko kaleetan zehar. Gazteizko txistulariek, Adurtza taldea,
ikuskizuna eskainiko dute.
EGITARAUA
Gaur: Eguerdiko hamabi eta erdietatik
aurrera, Ttarla Dantzari Txikien irteera eta dantza emanaldia ikusi
ahal izango da erdiguneko kaleetan. Euria egingo balu, Atsegindegin.
Arratsaldeko bostetan dantzari txikien irteera burutuko da.
Arratsaldeko zazpi t'erditan, azkenik, erromeria ospatuko da herriko
kaleetan zehar.
Bihar: Goizeko hamaiketan, kalejira eta
dantza ekitaldia ikusi ahal izango da Hernaniko auzo eta kaleetan
zehar. Euria egingo balu, Biteri Kultur Etxeko areto nagusian izango
litzateke. Bertan Gipuzkoa, Araba, Bizkaia, Nafarroa Garaia eta Behera
eta Lapurdiko dantzariek parte hartuko dute. Eguerdi ordubata
terdietan, dantza talde guztien Ikurriñaren dantza Gudarien plazan.
Arratsaldeko hiruretan, bazkaria, eta arratsaldeko seietan, bukatzeko,
erromeria.
Apirilak 19, 20, 21, 22 eta 23: Arratsaldeko bostetatik zortzietara, euskal jantzien erakusketa Biterin Kultur Etxean.
Apirilak 21, asteazkena: Arratsaldeko zazpitan, hitzaldia Biterin. Gaia 'Baserritarren janzkerak' izango da, eta hizlaria, berriz, Ramón García.
Apirilak 23, ostirala: Arratsaldeko sei
t'erditan erromeria egongo da plaza Berrin. Xan Iparragirre Ezpeletako
txarangaren ikuskizuna izango da nagusi. Euria egingo balu Udaletxeko
arkupetan ospatuko litzateke.
Apirilak 24, larunbata: Eguerdiko
hamabietatik aurrera erromeria egongo da Hernaniko kaleetan zehar.
Arratsaldeko zortzitan, Burrunka dantza taldearen emanaldia Biteri
Kultur Etxeko areto nagusian.
Dokumentuaren akzioak