Dokumentuaren akzioak
Xukan taldeak 'Iturrian zer dago' ikuskizuna aurkeztuko du gaur
Dantza, trikitixa eta bertsolaritza uztartzen dituen ikuskizuna da eta gaueko 22:00etan hasiko da
"Upeletan Erronka" ikuskizunean partaide izandako kideak osatzen duten Xukan taldeak, dantza, trikitixa eta bertsolaritza uztartzen dituen Iturrian zer dago? ikuskizuna prestatu du, bertan, elementu hauen bakarkako emanaldiak eta hiruen arteko nahasketak gertatzen dira.
Partaideen artean dira Ion Ansorregi eta Andoni Larrañaga trikitilariak; Angel Mari Peñagarikano eta Andoni Egaña bertsolariak eta Iban Agote, Kimetz Larrañaga, Aitor Sorazu, Ainara Olamusu eta Idurre Salvador dantzariak.
Iturrian zer dago? Ikuskizuna antzinako garbitegi batean suertatzen den sedukzio artistikoa da. Bertan egingo dute topo, arropak garbitzera joan diren ama-alabak eta baserritik, feriara bidean, muturra berotu ondoren ur tragoxka bat egitera doazen aita-semeak.
Aurrerantzean, bertsolarien gidaritzapean, istorioak bere bidea egingo du, bi taldeen arteko sedukzio eta maitasun jolasak tarteko. Bertsolariek bat-batean gauzak ezberdin kontatzeko duten trebetasunak, ahalbideratzen du, istorioa beti berdin hasi eta berdin amaitu ahal izatea.
Ohiko fandango eta arin-arinei, koreografia berriak eta gainerako erritmo ezagunak erantsiko dizkiete dantzariek: tangoa, valsa... baina beti ere nagusiki euskal dantzak oinarritzat harturik. Honela, mutil eta nesken arteko sedukzio jolasak, era bitxi eta egoki batean erabiliz, bertsolari eta trikitilariekin uztartzen dira.
Sarrerak aldez aurretik erosi ahal izango dira Foronda kultur etxean. Hala ere, aretoko leihatilan ere izango dira salgai 6,50 euroren truke.
Dokumentuaren akzioak