Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Xtravagantz, Lunaticks eta Anacardas taldeek parte hartuko dute besteak beste

Dokumentuaren akzioak

Xtravagantz, Lunaticks eta Anacardas taldeek parte hartuko dute besteak beste

‘Break dance’-a eta dantza garaikidea batuko ditu Bit.Art Etxea jaialdiak

Egilea
Ainara Arratibel
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2002/09/13

Gaur eta bihar egingo da Donostiako Egia auzoko kultur etxean Bit.Art jaialdiaren bigarren edizioa. Adeshoras dantza taldeak sortutako Birt.Art kolektiboa da ekimenaren antolatzailea, eta helburua jendeari dantza modu desberdinetan ulertzeko aukera ematea da. Horretarako gune eta dantza estilo desberdinak uztartzen dituzte. Aurtengoan break dance eta dantza garaikidea izango dira nagusi.



Amets Arzallus eta Fredi Paia bertsolariek aurkeztuko dute arratsaldeko 19:00etan aurtengo edizioa. Hamabost minutuko saioa eskainiko dute, eta ondoren dantza garaikidearen erakusketa hasiko da.



Lehendabiziko egunerako hiru lan prestatu dituzte antolatzaileek. Bit.Art kolektiboak ekoitzi eta Adeshoras taldeko dantzari ohi Asier Zabaletak egokitutako Ego lana estreinatuko da lehen aldiz Egiako kultur etxean. Oso lan zehatza eta jatorra da, umore ukitu batekin betiere.



Saioa Ibañez dantzari arrasatearrak Ihes Puntuak lana eskainiko du. Koreografian eta dantzan aditua denez, pisua, denbora, espazioa eta energia aurrezten ditu mugimenduen arteko batasuna lortuz. Batasun hori apaingarririk gabe egiten du.



Pertsonen arteko harremanen hurbiltasun eta urruntasunaz dihardu Donostiako Anacardas taldeak eskainiko duen Laket obra. Antzerkia eta dantzaren artean kokatzen den lana da, eta umorea nahiz antzezle bakoitzaren nortasuna erabiliz narratibarik gabeko gune zirkularra sortzen du. Antolatzaileek diotenez Laket-ek «bizitzaren antzezpena iza nahi du».



‘Break dance’-eko bi talde



Break dance-ak ere bere tartea izango du aurtengo Bit.Art jaialdian. Madrilgo eta Bartzelonako taldeak izango dira bi egun hauetan Egiako kultur etxean.



Break dance-a 60ko hamarkadan sortu zen, hip hop mugimenduaren barruan, eta lotura estua du musika eta grafitiaren munduarekin.



Gaur, Madrilgo Xtravagantz taldeak Saraker lana estreinatuko du. Talde horrek break dance-a eta dantza esperimentala uztartzen ditu.



Hala ere, jaialdiko protagonista nagusia Lunaticks taldea izango da. Break dance esparruan oso talde ezaguna da, eta hainbat txapelketa irabazi ditu. Aurten Elorrion izandako break dance txapelketan parte hartu zuen, eta finalera iritsi zen.



Jaialdiko ekitaldi nagusiak arratsaldean izango diren arren, goizerako dantza tailerrak prestatu dituzte antolatzaileek. Goizeko 10:00etatik 12:00etara dantza garaikideko ikastaroa eskainiko du Saioa Ibañez arrasataerrak. Ondoren, break dance tailerra izango da Lunaticks taldearen eskutik. Dantza norgehiagoka eta DJak ere izango dira



Dantza egiteaz nekatuta daudenentzat atseden guneak izango dira. Bertan janaria eta edaria izango dira. Musika nahiz dantzari lotutako produktuak erosi ahal izateko saltokiak ere izango dira. Haurrak dituztenentzat doako haurtzandegiak antolatu dituzte. Jaialdia ikusi ahal izateko 7 euroko sarrera ordaindu behar da.

Dokumentuaren akzioak