Sanandresen atariko asteburua borobiltzeko, Sahatsa dantza taldeak, Iraurgi abesbatzak eta Azkoitiko Musika Bandak sanandresetarako bi urtez behin sortzen duten musika eta dantza ikuskizuna aurkeztu dute Baztartxo antzokian: Xirri-xarro. Asko izan dira Baztartxora ikuskizunaz gozatzera hurbildu direnak, antzokia osorik bete baita.
Antzinako errepertorioetako pieza batzuk berreskuratuta eta sorkuntza berriak txertatuta, "askotariko ikuskizuna" eskaini dute Baztartxoko oholtza gainean elkartu diren ehun bat lagunek. Dantzak janzkera eta koreografia dotoreekin interpretatu dituzte Sahatsako dantzariek, eta dantza bat baino gehiagotan Iraurgi abesbatzakoen eta bandakoen ahotsak zein musika izan dituzte lagun. Halaber, bai abesbatzak eta bai bandak piezaren bat edo beste interpretatu dute dantza artean.