Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Xamatz dantza taldekoak berriro ere dantzan

Dokumentuaren akzioak

Xamatz dantza taldekoak berriro ere dantzan

Xamatz dantza taldeko kideak garai bateko ohiturak berreskuratu, eta alpargatak jantzita dantzan ibili ziren zapatuan. Dantzari Eguna ospatu zuten Arrasaten; aurten, 25. aldiz, gainera. Hori dela eta, eguna ospatzeko gonbidapena jaso zuten Xamatz dantza taldeko kideek: "Gonbidapenak harrera ona izan zuen gure artean, eta parte hartzeko prest agertu ginen", azaldu du Ibon Unamunok, dantza taldeko kideak.
Egilea
Arantzazu Ezkibel
Komunikabidea
Goiena
Tokia
Bergara
Mota
Albistea
Data
2018/04/27
Lotura
Goiena

Zapatuko ekitaldirako hogei bat dantzari ohi elkartu ziren. "Hilabete lehenago hasi ginen entseguak egiten. Taldeko hainbat kide erraldoi taldekoak direnez, euren lokalean eta baita musika eskolan ere utzi digute entseatzeko lekua", dio Unamunok. Alardea egin zuten goizean Jose Maria Arizmendiarrieta plazan: Xamatz dantza taldeko kideek gainerakoen txalo zaparrada jaso zuten kalejira osteko aurkezpenean. Bergararrez gain, Eskoriatzako Gorosarri dantza taldeko kideak ere egunerako propio elkartu ziren.

Garai bateko lagunak

"Oso gustura" ibili zirela azaldu du Unamunok: "Garai bateko ohiturak gogora ekartzeko balio izan zigun, eta baita aspaldiko lagunak ikusteko ere. Izan ere,

25. urteurrena izanda, beste herrietako taldeetako dantzari ohiak ere elkartu ziren". Egun bakarrerako elkartu diren edo ekitaldi gehiagotan dantza egingo duten galdetuta, Unamunok dio hurrengo ekitaldia ekainaren 29an izango dutela: "Bergararen 750. urteurreneko ospakizun jaialdian parte hartzeko gonbidatu gaituzte".

San Martzialen, soka dantza

Xamatz dantza taldeak orain dela hamabi urte laga zion dantza egiteari. "Dantza taldean ez zegoen gazte jenderik; umeak zeuden, eta gu, nagusiak, baina erdiko belaunaldia falta zen", esan du Unamunok. Eurek eramaten zuten taldearen ardura, eta Javier Mendizabal Surra-ren laguntza izaten zuten. Gaur egun, taldeko hainbat mutilek San Martzial egunean soka dantza egiten dute. Neskek, aldiz, ez dute dantzarekin jarraitu. "San Martzial eguneko dantza egiten dugu, eta orain dela hiru bat urtera arte Inauterietako sorgin dantza ere egin izan dugu", azaldu du Unamunok.

 

Xamatz dantza taldekoak berriro ere dantzan

Zapatuan ateratako talde argazkia. 

Dokumentuaren akzioak