Dokumentuaren akzioak
Xabier Etxabek Pirmin Aldabaldetreku ekarriko du gogora gaurko hitzaldian
Zarauzko Photomuseumak Pirmin Trekuri eskainitako argazki-erakusketa antolatu duela aprobetxatuz, Xabier Etxabek bideo-emanaldia eta haren ondorengo solasaldia gidatuko du gaur ostirala, arratsaldeko zazpietan, Photomuseumean bertan.
2007ko uztailean, hain justu Pirmin Treku hil eta urtebetera, Kafe Torero Kultur Elkarteak omenaldia eskaini zion Euskalduna tabernan. Omenaldi hartan, Pirmin Treku gertutik ezagutu zuten hainbat lagunek hartu zuten parte, Udaleko ordezkaritza ere bertan zela. Hogei minutuko bideo emanaldi bat erakutsi zuten, Pirminen bizitza laburtzen zuena, Xabier Etxaberen gidoiarekin eta Pelaio Eizagirre errealizatzaile zela.
Handik urtebetera, 2008ko uztailean, Kafe Torero programazioaren baitan berriro ere, beste ekitaldi bat antolatu zuten, eta aurreko urteko omenaldiko irudiak erantsi zizkioten lehengo bideo-emanaldiari, ordubetetik gorako DVD bat osatuz. Bideo hura, Zarauzko Udalaren laguntzaz argitaratu zena, ikusleen artean banatu zuten eta hainbat kopia Zarauzko liburutegian utzi zituzten.
'Pirmin Treku gogoan' izeneko gaurko emanaldian, bideo haren aurreneko orduerdia eskainiko da; ondoren, Xabier Etxabek bi hitz egingo ditu bideoan agertuko diren Pirmin Trekuren hainbat gorabehera aipatuz; eta gero, ikusleekin batera, solasaldiari hasiera emango zaio.

Pirminen argazkia, dantzan.
Dokumentuaren akzioak