Dokumentuaren akzioak
Wiesbadengo Balleta ariko da gaur Bilboko Arriaga antzokian
Alemanian estreinatu zen lana aurreko urrian, eta orain, Bilbon bi emanaldi egingo dira. Guztira 23 dantzarik hartuko dute parte ikuskizunean, eta horien artean da Veronica Villar bizkaitarra. 1994tik da Villar Wiesbadengo Balleteko partaide. Horrez gain, bakarlari aritzeko ere zenbait jaialditara gonbidatu izan dute: Carmen, Giselle eta Cascanueces interpretatu ditu, besteak beste.
Zuzendari eta koreografoak azaldu duenez, izenburuak dioen bezala, obrak ikuslea ilargia ateratzen den unean jarri nahi du: «Orduantxe hartzen du lo gure kontzienteak, eta inkontzientea esnatzen da, surrealismoa sor dadin gure baitan eta gaueko irudipenetan eta fantasian oinarrituta sortzea posible izan dadin».
Ikuskizunak, beraz, gonbit bat egiten die ikusleei: «Obrak iradoitzen diena zuriaren gainean margotzera gonbidatzen ditu ikusleak, eta mihise zuri hori ikusten ari direnaren gaineko ametsez betetzera».
Wiesbadenen, balletak egoitza duen hirian estreinatu zuten obra eta sekulako arrakasta izan zuen. Bilbon ere antzeko erantzuna lortzea espero dute parte hartzaileek nahiz antolatzaileek.
HIRU ZATITAN BANATUA. Ikuskizunak hiru parte ditu. Johann Sebastian Bachen Eskaintza musikala konposizioarekin hasten da. Konposizio horren jatorrizko partitura dena den, Federiko II Prusiako erregeak egin zuen, eta egun batean Bachi bost tonuko melodia zaila inprobisatzeko eskatu zion. Lehen zatiko koreografia Federiko II.aren eta Bachen arteko topaketa hartan oinarritzen da.
Irudipen iheslariak izeneko bigarren zatiak Sergei Prokofieven konsozio bat du oinarri, ikuslea gaueko munduan sartzeko. Azken zatian, berriz, No Cha-cha-cha-n, tangoaren eta txa-txa-txa-ren mugimendu azkarrak erakusten dira.
Dokumentuaren akzioak