Dokumentuaren akzioak
Vital Kutxak ez ditu babestuko Koru Astea eta Folklore Jaialdia
Erabakiarekin «harri eta zur» geratu da Javier Cameno antolatzailea
Kultur politika eta gizarte ekintzaren lehentasunak aldatzea erabaki du finantza erakundeak. Horixe da, behintzat, arrazoi ofiziala. Vital Kutxako zuzendaritzak, PP eta PSE-EEren esku, aho batez hartu zuen bi ekintzak ez sustatzeko erabakia. «Iraganeko politika batzuk aldatu eta beste batzuk martxan jarri nahi ditugu», azaldu du Juan Carlos Alonso kutxako presidenteordeak, «jaialdien eragina eta garapena aztertu ondoren hartutako erabakia izan da».«Etorkinentzako etxebizitzak egiteko dirua behar dutela esan zidaten», azaldu du antolatzaileak. Nekez onartzen ditu argudioak, ostera. «Araban kultura badago, eta jaialdi hauek oso sustraituta zeuden. Koru Astea, esaterako, herrialdeko bazter guztietara zabaldu ohi zen. Batzuen ustez, gainera, onenak dira Araban».Telefonoz zer edo zer aurreratu zioten, baina, azkenean, gutun baten bidez jakin du albiste txarra. Harrezkero kutxako zuzendaritzako inork ez dio deitu. Dagoeneko prestaturik zituen datorren urteko programak. Javier Cameno batez ere Koru Astearekin dago arduratuta, bi urte barru zilarrezko ezteiak bete behar zituelako. «2006an jaialdiko historian etorri diren zortzi abesbatza onenak ekarri nahi ditut. Oso onak dira, eta ezkontide asko dituzte, baina duela urte eta erditik loturik ditut emanaldiak», azaldu du.Orain, ordea, erreakzionatu ezinik dabil, baina ez du amore eman nahi: «Baten bati laguntza eskatzen diot aurrera egiteko; ezin zaie arabarrei egun batetik bestera hau guztiau kendu».Vital Kutxak ez du jaialdiari azkena emateko ardura bere gain hartu nahi. «Beste talde eta erakunde batzuek hartu ahal dute lekukoa, eta antolatzaileek bertan behera utziko dute ez badute proiektua garatzeko beste bazkiderik lortzen», nabarmendu du Alonso presidenteordeak.Finantza erakundea bere gizarte ekintzako estrategiak aztertzen ari da. Datorren urtetik aurrera beste lehentasun batzuk ezarri nahi ditu, plangintza estrategiko baten bidez. Hortaz, aldaketa gehiago espero dira. Folklore Jaialdia bertan behera utzi izana gaitzetsi du Arabako Dantzarien Biltzarrak. «Oso egokia zen folklorea herrietara eramateko, eta onartezina da hala bukatzea», kexu da Kepa Basabe biltzarreko presidentea.
Datua
%1,5
Nazioarteko Koru Astea egiteko 120.000 euroko dirulaguntza zegoen, eta Folklore Jaialdia egiteko, 70.000 euro. Kutxak gizarte ekintzetarako bideratzen duen diru guztiaren %1,5 da. Kultur ekintzak aintzat hartuta, aurrekontuaren %7,2 dira.
Dokumentuaren akzioak