Dokumentuaren akzioak
Viktoria Eugenia Antzokia hunkitzeko gai dela erakutsiko du Verdini dantza taldeak
Edo mugarik badu, oztopo horiek gainditzeko lanean dihardute etengabe. Ahalegin horrek laguntzen die aurrera egiten, gizarteratzen eta euren gaitasunak erakusten.
Ilusioa ageri da beti Verdini taldeko dantzarien aurpegietan, eta bihar ere irrifarrik politenak erakutsiko dituzte. Bi urteko lanaren ostean, Gaitasunen iraultza ikuskizun berria aurkeztuko dute Viktoria Eugenia Antzokian, 20:30ean hasita.
Jesus Murua, Verdini dantza taldeko arduradunak aitortu duenez, dantzari batzuk urduri daude, baina agertokira ateratzeko irrikitan. Ikuskizun berezia izango da biharkoa. Denbora asko eskaini diote saioari, eta koreografiak ere findu dituzte: “Ikuskizun honekin pauso bat gehiago eman dugu. Dantza eta koreografia berriak prestatu ditugu, horietako batzuk zailtasun handikoak. Dantzariek ahalegin handia egin dute, eta emaitza oso polita izango da”, dio Muruak. Verdini dantza taldeak 21 kide ditu, eta guztiak aterako dira bihar agertokira.
Aitortza eguna
Urteko emanaldirik garrantzitsuena izango da biharkoa. Izan ere, Euskararen eguna izateaz gain, Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Eguna ere bada abenduaren 3a.
Verdini dantza taldeko kideek dantzan ospatuko dute euren egun; horrela gozatzen baitute gehien.
Hortaz gain, desgaitasunak gaitasun bihurtzen laguntzen duten bi eragileri ere aitortza egingo dio Verdini taldeak biharko ekitaldian: Diario Vasco egunkariari batetik, eta Pirritx, Porrotx eta Marimototxi, bestetik.
Asko saldu badira ere, oraindik badaude sarrerak, beraz, sartu eta gozatu ikuskizunaz!
Dokumentuaren akzioak