Dokumentuaren akzioak
Veronica Espadas, dantza irakaslea: «Behin hasita Polinesiako dantzak harrapatu egiten zaitu»
Bihar Niesserera hurbiltzen denak zer ikusiko du?
Polinesiako dantza ikusiko du, baina batik bat Hawaiiko eta
Tahitiko dantzen ikuspuntutik, hau da, Hawaiin eta Tahitin egiten diren
dantzak ikusteko aukera izango da. Horrez gain, ikusleak kolore mota
asko eta jantzi asko ikusiko du. Koreografia bakoitzak bere jantziteria
izango du.
Polinesiako dantzak berezitasunik ba al du?
Orain urte asko eta hasiera batean, komunikatzeko erabiltzen
zuten eta sentitzen zutena adierazteko. Abesti batzuek herrien istorioak
kontatzen dituzte, herrian pasatzen zena. Tahitiko dantza, esaterako,
sedukzio dantza bat zen. Emakumeek euren bikoteak seduzitzeko dantzatzen
zuten. Emankortasun dantza zen, zein polita zinen erakusteko…
Emakumeen dantza da soilik edo gizonek ere dantzatzen dute?
Orain ere gizonena bada. Tahitiko dantzari dagokionez,
adibidez, emakumeek dantzatzen dutena eta gizonek dantzatzen dutena ez
da gauza bera, ez du esanahi bera adierazten. Gizonen dantzek indarra
erakusten dute. Zeelanda Berriko Errugbiko jokalariek egiten duten
dantza hori Polinesiako dantza bat da, boterea adierazteko dantzatzen
dute. Emakumeok beste modu bat dugu dantzatzeko, goxoagoak gara,
mugimenduak ez dira hain gogorrak. Dantza batzuekin istorioak kontatzen
ditugu, beste batzuk mugituago dira eta horiek indarra adierazten dute…
baina gizonenek beti indarra adierazten dute. Gure emanaldian,
zoritxarrez, ez da gizonik izango dantzatzen.
Noiz hasi zinen Polinesiako dantzarekin?
Bederatzi urte nituenetik, bizitza osoa esan genezake. Gero, hamazazpi urterekin, irakasle bezala hasi nintzen.
Errenteria-Oreretan noiztik ematen dituzu dantza mota honetako klaseak?
Orain dela bost urte hasi nintzen. Ordura arte Euskal Herrian
ez zegoen mota honetako dantza erakusten zuenik. Uste dut, eta oker ez
banago, Euskal Herrian bakarra naizela. Agian baten bat egongo da, baina
uste dut ezetz.
Jendeak zein erantzun du?
Jendeari hastea kosta egin zaio. Ez da oso ezaguna, sabel
dantza ezagunagoa da, baina hau ez. Probatzea kosta zaio jendeari, baina
probatu dutenek oraindik ere jarraitzen dute. Behin hasita Polinesiako
dantzak harrapatu egiten zaitu. Ondo pasatzeaz gain, jarduera fisiko
asko egiten duzu, izerditu egiten da, eta osasunarentzako oso ona da.
Dokumentuaren akzioak