Dantzaren XVII. Zirkuituak, Sarearen bidez Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak antolatutako ekimenak, bihar, hilaren 13an, Beasaingo Usurbe antzokian dantza proposamena antolatu du: Verdini Dantza Taldeak Nire, zure, gure Verdini: 25 urte koreografia. Igandean, hilak 16, Brodas Bros konpainiaren txanda ere izango da, Arrasateko Amaia antzokian, Around the world ikuskizunarekin.
Isabel Verdini koreografoaren eta konpainiako dantzarien arteko etengabeko elkarrizketatik sortu da Nire, zure, gure Verdini: 25 urte obra. Ikusgarri horretan dantza egitean gehien gozatu dituzten zatiak aukeratu dituzte dantzarako, eta hala, obra hauetako koreografiak eta musikak berreskuratu dituzte: Nahi nuena (2002), Ilunpetik (2006), Argira (2007), Zu zeu (2013) eta Gaitasunen iraultza (2016).
Ordubete inguru irauten du lan osoak eta 19 eszena-koadroz osatuta dago Nire, zure, gure Verdini: 25 urte koreografia.
Isabel Verdinik Down sindromea duen ilobari dion maitasunaren ondorioz sortu zuen Verdini proiektua. Helburua alde batetik, dantzari-lanbidetik bere aletxoa jartzea Haizea ilobaren bizitzan, eta, bestetik, dantzaren bere ikuspegia ezagutzera ematea “(maitasunaren eta sentikortasunaren bidez komunikatzea eta elkarri eragitea ahalbidetzen duen hizkuntza artistikoa, pertsona guztien gaitasunak garatzeko aukera ematen duena)”.