Dokumentuaren akzioak
V. Erromeria Eguna uztailaren 12an izango da, Errenteriako kaleetan
Egun osoan zehar ekitaldi ugari antolatu ditu Ereintza Dantza Taldeak Dantza kalera ateratzeko parada ezin hobea dela aipatu zuten antolatzaileek
Aurten bosgarren aldiz egingo da Oreretako Erromeria Eguna. Ereintza Dantza Taldeak antolatu duen jaialdia datorren uztailaren 12an izango da. Egun osoan zehar oinak astintzeko aukera paregabea izango dute bertara joaten diren guztiek.
Atzo aurkeztu zuten ekitaldiaren antolatzaileek jaiaren programa. Prentsaurrekoan, jaialdiaren antolatzaileak egoteaz gain, bertan parte hartuko duten dantzari eta musikariak ere izan ziren; Patxi Lopez eta Jon Maya dantzariak eta Imanol Esnaola Alkarkide txarangako kidea, besteak beste. Guztiek egun osoan zehar izango diren ekitaldien aurkezpena egin zuten.
Antolatzaileek aurreko ekitaldietan izandako arrakasta nabarmendu egin zuten. Joan den edizioetan bezala, aurten ere, jende andana biltzea espero dutela adierazi zuten antolatzaileek, atzo goizean egin zuten prentsaurrekoan.
Goizean goiz hasiko da festa Oreretan. Hamaiketan dantzariak eta musikariak kalejiran abiatuko dira herriko kaleetan barrena. Horren ondoren, eguerdiko ordu batean, dantza eta musika ikuskizunak izango dira: joaldunak, trikitilariak, dantzariak...
Indarberritzeko, eguerdiko ordu bi eta erdietan herri bazkari bat antolatu dute udal kiroldegian. Ondoren, arratsaldeko seietan, erromeria handia izango da Zumardian eta herriko kaleetan zehar. Bertan, hainbat dantza taldek beren saioak eskainiko dituzte. Gauean ere izango da zer ikusia Oreretan, izan ere, dantzaldia antolatu baitute Zumardian. Bertan arituko dira Trikizio taldea eta La Font de la Carota musika talde katalana. Talde horrek garai bateko musika tresnak jotzen ditu. Ondoren, jaialdiak goizaldera arte iraungo duela jakinarazi zuten antolatzaileek.
Prentsaurrekora bertaratu zirenek ekitaldia garrantzitsua dela nabarmendu nahi izan zuten. Jon Maya dantzariaren ustez, dantza plazara eramateko aukera ezin hobea da ekitaldi hori «ezin dugu ahaztu Euskal Herriko dantza tradizionalaren funtsa kalean dagoela», adierazi zuen dantzariak. Bere esanean, Erromeria Egunak Oreretako kaleetan barrena hainbat belaunalditako dantzaren zaleak biltzen ditu, urtero. Alkarkide txarangako kideak, Imanol Esnaolak, erromerian oso gustura parte hartzen dutela adierazi zuen: «Gure atzetik gure doinuak dantzatuz eta txalotuz ikustea guretzak izugarria da». Alkarkide txarangako kidearen esanean, ohitura hori beste herri batzuetara ez zabaltzea tamalgarria da.
Antolatzaileek ideia bat nabarmendu nahi izan zuten batez ere: erromeria jendearen parte-hartzean oinarritzen dela. Pello Urreagaren, Ereintza Dantza Taldeko kidearen, hitzetan, herritarrak eta kanpotik etortzen diren dantzaren zaleak dira erromeria egiten dutenak. Beste alde batetik, bertara joaten diren guztiei dantzariz jantzita bertaratzeko eskatu diete antolatzaileek.
Dokumentuaren akzioak