Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Uztailean Euskal Herrian taularatuko dituzten dantzekin ospatu dute San Juan Gaua Necocheako dantzariek

Dokumentuaren akzioak

Uztailean Euskal Herrian taularatuko dituzten dantzekin ospatu dute San Juan Gaua Necocheako dantzariek

Munduko beste hainbat euskal etxetan bezala, suaren inguruan eta jantzi koloredunak soinean, aspaldiko tradizioa eguneratu dute aurten ere Necocheako dantzariek euren betiko grazia eta alaitasunez. Jaia joan den ostegunean burutu zen euskal etxearen aurreko plazan eta herritar anitz bildu ziren su eta dantza ikuskizunaz gozatzera. Sorgina erraldoia erre ondoren, erromaeriak erakundearen egoitzan jarraitu zuen programa berezi batez. Izan ere, 2013ko Hator Hona programako partaideek Euskal Herrian eskainiko duten emanaldia aurkeztu zieten euskal etxeko kide eta lagunei. Necocheako Udalak ‘Interes Publikokoa’ izendatu du gazte necocheatarren Euskal Herrirako bidaia.
Komunikabidea
Euskal Kultura
Tokia
Necochea, Argentina
Mota
Albistea
Data
2013/06/25
Lotura
Euskal Kultura

Publiko ugari bertaratu zen Euzko Etxea-ren aurreko plazara euskal gizataldeak antolatutako San Juan Festan parte hartzera. Ohi bezala, proposamena oso erakargarria suertatu zitzaion publikoari. Batetik, hemen oro har ohikoa ez den suaren zeremonia ikusi ahal izan baitzuten; bestetik, suaren inguruan Euskal Herriko dantza tipikoak plazaratu zituztelako euskal-necocheatar erakundeko kideek.

San Juan gaua Necochean 2013 01

[Euskal etxeko dantzari txiki, gazte eta helduek bat egin zuten aro berriari ongietorria emateko, eta plazara atera ziren jantzi tipikoekin (argazkiaEE)]

Erritua ilunabarrean burutu zen hiriko 58 eta 65 etorbideen elkargunean; bertan Probintziako 500. zenbakidun Arte Eskolako ikasleek egindako panpina erre zen. Sugarrak itzali zirenean eta hotzak bultzatuta --hemen negua da--, euskal etxeko egoitza barnera bildu ziren lagunak jaiarekin jarraitzeko. Erromerian, ordea, ikuskizun berezi bat ikusi ahal izan zuten gonbidatuek.

2013ko Hator Hona, ‘Interes Publikoa’ izendatua

Aurreko edizioetan ez bezala, aurtengo ‘Hator Hona’ euskal programa necocheatarra ez da Argentinan egingo. Proiektuaren 2013ko helmuga Euskal Herria da eta partaideak, bertara abiatuko diren Necocheako Euzko Etxea-ko 20 gazte.

Taldea uztailaren 10ean abiatuko da eta hogei egunez Hegoalde eta Iparraldeko hainbat herritan arituko da bidaiari eta ikuskizun-emaile. Taldekide den Marcial Agostini Zubillagak azaltzen digunez,  “dantza sorta bat prestatu dugu, tartean, ‘Aurresku’, ‘Makil dantza’, ‘Ezpatadantza’, ‘San Migel’, ‘Arkudantza’, ‘Suletino’, ‘Fandango’ eta ‘Arin Arin’. Baita dantza argentinar bat ere, ‘Chacarera’ bat hain zuzen. Abestiak ere hemengoak eta hangoak izango dira. Leku guztietan ez dugu programa osoa egin ahal izango, aldi bakoitzean daukagun denbora beharko dugu ikusi. Baina saiatuko gara saio guztietan pieza argentinar bat sartzen”, azaldu dio dantzari euskal-necocheatarrak EuskalKultura.com-i.

San Juan gaua Necochean 2013 02

[Euskal Herrira abiatu aurretik, ikuskizun osoa aurkeztu zuten Hator Hona-ko partaideek euren euskal etxean, txalo eta esku-zarta beroak bilduz (argazkiaEE)]

Eskarmenturik ez zaie falta Necocheako gazteei dantza eta musikaren arloan. Hala ere, hau bezalako esperientzia berria da eta buru belarri ari dira entseatzen. Ikuskizuna prest daukate eta oso aukera ona izan zuten joan den ostegunean San Juan festa, publiko aurreko aurre-estreinaldi gisa eskaintzeko.

Necocheako Udalak, bere aldetik, ‘Interes publikodunak’ deklaratu ditu 2013ko Hator Hona-ren baitan Euskal Herrian burutuko diren emanaldiak eta Hiriaren 'Borondate Oneko' Kultur Enbaxadari izendatu ditu programako partaideak.

Dokumentuaren akzioak