Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Utopia gaia ardatz, 34 emanaldi eskainiko ditu aurtengo dFeria jaialdiak

Dokumentuaren akzioak

Utopia gaia ardatz, 34 emanaldi eskainiko ditu aurtengo dFeria jaialdiak

Egilea
Sara Ibarguren
Komunikabidea
Irutxuloko Hitza
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2024/01/25
Lotura
Irutxuloko Hitza

dferia copia

Gaur aurkeztu dute dFeria jaialdia, Viktoria Eugenia antzokian. Sara Ibarguren

Arte eszenikoen dFeria jaialdiak urteurren borobila du aurten, 30 urte beteko baititu. Aurtengo edizioa martxoaren 11tik 14ra bitartean egingo da, nahiz eta inaugurazio ekitaldia martxoaren 10ean izan. Aurtengo gaia Utopia izango da, eta Italia izango da herrialde gonbideatua. Hartara, eta Istituto italiano di Culturaren laguntzarekin, hainbat italiar konpainiek hartuko dute parte. Centro Coreografico Nazionale/Aterballetto izen handiko taldeak inauguratuko du aurtengo edizioa, Yeled, Shoot Me eta Rhapsody In Blue dantza piezekin. Itxiera, berriz, Compagnia blucinQue-ren Gelsomina Dreams ikuskizunak emango dio.

Jaialdiako egunetan, 25 konpainien, 25 ikuskizun eta 34 emanaldi izango dira Donostiako hainbat antzeztokitan. Ikuskizunen kopuru handi bat (%60) estreinaldiak izango dira: bi mundu mailan, beste bat Europan, hiru estreinaldi estatuan eta hamar Euskal Herrian. Diziplinen alorrean, %44a dantza izango da, beste %52a antzerkia eta zirku ikuskizun bat izango da ere. Konpainien jatorriari dagokionez, atzerriko konpainiak Italiatik, Kubatik eta Argentinatik datoz.

Inaugurazio ekitaldiari dagokionez, askotariko estiloak erabat ulertzeko gai diren hamasei interprete bakarlarik osatzen dute Centro Coreografico Nazionale/Aterballetto. Beren ospea Italian eta nazioartean zabaldu da, “interpreteen kalitate nabarmenari esker”, dFeriako antolatzaileen arabera. Italiako dantza garaikideko konpainiarik garrantzitsuena eta bertako balletaren produkzio erakunde iraunkor nagusia da, eta Yeled, Shoot Me eta Rapsody in blue piezek osatutako programa hirukoitza aurkeztuko du dFerian. Emanaldi hori estreinaldia izango da estatuan.

Itxiera ekitaldia zirku emanaldi bat izango da. Obra hori Vertigine di Giulietta, Gelsomina Dreams eta Effetto Marilyn obrek osatzen duten emakumeen trilogia baten parte da. Gelsomina Dreams Federico Felliniren imajinarioari, haren jaiotzaren mendeurrenean, egindako omenaldi argia da. Biolontxeloak, tronpetak, ahotsak eta musika elektronikoak lagunduta, antzezleak Felliniren memorian abandonatutako plato zinematografiko bati erreferentzia egiten dion anbientazio geldi eta denboragabean murgiltzen dira. Emanaldi hau ere lehen aldiz ikusi ahal izango da estatuan.

Estreinaldiak

Gainerako estreinaldiei dagokienez, honako ikuskizunak topatu daitezke programazioan: Together to get there (dantza, estreinaldia Euskal Herrian), Burgos-New York Dantz (dantza, estreinaldia Euskal Herrian), La declamación muda (dantza, estreinaldia Euskal Herrian), En mitad de tanto fuego (antzerkia, estreinaldia Euskal Herrian), Una (antzerkia, estreinaldia Europan), La classe (antzerkia, estreinaldia estatuan), Flamenco negro (dantza, estreinaldia Euskal Herrian), Macho grita (antzerkia, estreinaldia Euskal Herrian), Nada ni nadie (dantza, estreinaldia Euskal Herrian), Vernos (antzerkia, estreinaldi orokorra), A fuego (antzerkia, estreinaldia Euskal Herrian)

Sarrerak

Sarrerak bihar, urtarrilak 26,  jarriko dituzte salgai 11:30ean, dFeriaren webgunean eta Victoria Eugenia eta Antzoki Zaharreko leihatiletan. Aldez aurreko erosketek deskontu bereziak izango dituzte, otsailaren 11arte.

Dokumentuaren akzioak