Bildutakoek begiratua eman zioten AEBetako eta Kanadako euskal etxe eta elkarteak batzen dituen federazioaren ibilbideari, zenbait sailburu eta arduradunek aurkeztutako txostenen bidez. Besteak beste aipatu ziren NABO eta HABEren arteko euskara programa, 'Memoria Bizia' proiektua, pilota ekinbidea, iazko Udaleku Salt Laken eta aurtengoa Chino Kalifornian, trukeak Euskal Herriarekin, tokiko, nazioko eta nazioarteko Mus Txapelketak, 2017ko NABO Convention Wyoming-eko Buffalon, iazko Kantari Eguna Rocklinen (Kalifornia) eta aurtengoa Gardnervillen (Nevada), hezkuntza proiektuak, unibertsitate mailakoak eta kontu ekonomikoak. Nevada-Reno Unibertsitateko Iñaki Arrieta liburuzainak eta EuskalKultura.com-eko Joseba Etxarrik ere izan zuten agerraldia; eta, Euskal Herritik etorri berria, Jaurlaritzako Boiseko bekadun berria, Intza Balenciagak bere burua aurkeztu eta bere lehenengo kontaktau izan zuen NABOrekin. Ikus bileraren laburpena NABOren Astero astekarian.
Eguerdi partez, NABOko delegatu eta gonbidatuek ahaidetasun bazkari ederraz gozatu zuten, Utah-ko Euskal Etxeko sukaldariek prestatua, eguerdiz Jean Flesher-en ardurapean; eta gauean (ekitaldi publikoan), Johnny Cendagorta buru. Urtero bezala, partaideak --euskaldunak zein ez-euskaldunak-- loriatu ziren sukaldari talde bolondres eta ber denboran trebatu honek eskainitakoarekin, tartean porrusalda, bakailaoa, lekak, haragi errea, txokolate postre berezia...
Izan ere, urtero otsail hasiera aldean Salt Lake Cityko herritarrei begira antolatzen den "Basque Dinner and Dance" ekitaldia, bertako egutegian erabat sendotuta dagoen eta amerikar ez-euskaldun publiko polita ekartzen duen ekitaldia da, Utah-ko Euskal Etxea antolatzaile, eta etxeko sukaldari bolondres taldea prestatzaile. Lan handia hartzen dute euskal etxeko kideek guztia ezin hobe atera dadin, eta izen ona lortua du urteetan zehar ekitaldiak. Aurtengoan, esaterako, astebete lehenago ez zen sarrerarik geratzen. Ekitaldiak afaria baitaratzen du, eta afaldu bitartean Utah-ko Triskalariak euskal dantza taldearen emanaldia, euskal musikariekin, filma batzuek ere eskainiz, enkante eta zozketak eginez, guztiaren etekina euskal etxearen ekintzetarako. Eguna dantzaldi batekin amaitzen da, kasu hinetan Jean Flesherren bandaren musika euskal-amerikarraren erritmoez (hona `programa).
Hona eguneko argazki-kronika moduko bat, irudi hautu batzuekin: