2023ko urriaren 20an, Luis Jambrina errealizadoreak eta bideo-egileak whatsapp mezu bat bidali zuen NOAUA!ko erredakziora. Irudi bat zen, zehatzago esanda. Euskadiko Filmategiaren artxibo bati eginiko argazkia. Eta artxiboaren azalean, datu hauek ageri ziren: "Imágenes de Usurbil. Año: 1958-1960. VES: Muda. Duración: 19'58''. Blanco y negro".
Luis Jambrina aspalditik bizi da Usurbilen. NOAUA!ko ikusentzunezko asko berarekin egin izan ditugu: Kafe garaia bideo-elkarrizketa sorta, Hamaikakoa kirolari gazteei eskainitako ikusentzunezko atala,... Aspaldian aipatu zigun Euskadiko Filmategian bazirela Usurbilgo irudi batzuk, Juan Illarramendik aspaldian grabatutakoak. Lehen eskutik zekien, familiartekoa duelako Juan Illarramendi zena. "Noizbait Filmategira joan beharko genuke galdetzera", inoiz edo behin antzekorik aipatu izan zigun. Bestelako lanetan murgilduta geundenez, bisita atzeratzen joan ginen. Harik eta iazko udazkenean, Luis Jambrina bera Euskadiko Filmategira hurbildu zen arte. Une horretan abiatu zen 'Usurbil 58' dokumentala osatzeko ideia. Urtebetez, NOAUA!ko erredakzioan pizgarri izan dugun abentura.
Juan Illarramendik Super8 kamera batekin jasotako irudiak
Aurreko mendeko 50eko hamarraldian, eta gerora ere bai, Juan Illarramendik argazki ugari atera zituen. Tartean, karneterako irudiak. Beraz, urtetan zerbitzu ederra eskaini zien usurbildarrei. Super8 ikusentzunezko-kamera bat ere bazuen eta Usurbilgo ospakizunak errejistratzeko ohitura zuen: jaiak, dantzaldiak eta kirol jarduerak (txirrindularitza, pilota edota herri kirolak). Eta horiek dira hain zuzen, 'Usurbil 58' dokumentalean ageri diren imajinak. Bobina ezberdinetako irudiak dira, egun ezberdinetan grabatutakoak. Euskadiko Filmategiak gure esku utzitako artxiboan, baliteke, irudiak urte ezberdinetakoak izatea.
Orain arte ikusi gabea
Juan Illarramendiren ondorengoek jaso zuten material grafikoa. Baina nola iritsi ziren
Euskadiko Filmategiraino? Nork eraman zituen? Eta zergatik hara? Dokumentalaren amaieran argituko dira galdera hauen erantzunak. Zumarte Musika Eskolakoak izan ziren Super8 bobina horiek Madrilera errebelatzera bidali eta irudi hauek Filmategiko gordailura eraman zituztenak. 90eko hamarkadaren erdialdean izan zen, "Kerman Rekondo kultura zinegotzia zen garaian", Iñaki Mujikak eta Roman Manterolak zehaztu zigutenez.
Beraz, egon bazen irudi hauen berri zuenik herrian. Zumarteko orduko kudeatzaileek eta herritar gutxi batzuk. Horregatik iruditzen zaigu balio handia duela osatu dugun dokumentalak. Garai bateko irudiak gaur egunera ekartzeaz gain, ia ezezagunak direlako usurbildarren artean.
Dokumentalaren grabazioa
Juan Illarramendik filmaturiko irudi eder hauek, ordea, akats bat dute. Soinua falta dute. Mutuak dira. Baina indar handia dute oraindik, garai bateko Usurbil irudikatzen dutelako. Hitza baina, irudia bezain garrantzitsua izan daiteke ikusentzunezko lan batean. Are gehiago, ezagutu ez dugun garai bateko kontuez ari bagara. Horrela sortu zen dokumentala osatzeko ideia: jaso ditzagun garai hura ezagutu zutenen adierazpenak. Euren hitza izan dadila Juan Illarramendiren irudi mutuen doinua. Esan eta egin. Adin bat duten herritarrak gonbidatu genituen Sutegira. Garai hartako Usurbil eta garai hartako usurbildarrak ezagutu zituztenak. Super8 kamerako bobinetako irudiak ipini genizkien pantaila handian, eta euren erreakzioak grabatu genituen.
Asintxio Pagola, Jabier Pikabea, Lurdes Urkia, Manuel Goenaga, Arantxa Alkorta, Kinttin Segurola, Arantzazu Aranburu eta Koro Iribarrek gogotsu onartu zuten gure gonbidapena. Eta euren ekarpena funtsezkoa izan da, irudiak hobetu ulertzeko eta irudietan agertzen diren herritarrak modu egokian identifikatu ahal izateko. Filma ikusi gabea zuten eta euren lehen erreakzioak dira dokumentalaren gatza eta piperra. Irudi mutuen hotsak eta ahotsak.
'Usurbil 58', DVDan eta USB memorian eskuragarri
Azaroaren 24an eskainiko dugu lehen aldiz dokumentala. Dena den, ikusentzunezko lan hau etxeratzeko aukera ere izango da, DVD eta USB euskarrietan salgai ipiniko dugulako. DVD eta USB memoria eskuratzen duenak, bi artxibo jasoko ditu. Artxibo batean, Juan Illarramendik grabatutako irudiak aurkituko ditu (Euskadiko Filmategian jaso genuen bertsioan). Eta beste artxiboan, irudi horiek baliatuz osatu dugun dokumentala.
Argitalpen hau Juan Illarramendiren familiaren eskuzabaltasunari esker plazaratu ahal izan dugu. Esker bereziak eman behar dizkiegu, bide batez, hizlari gisa aritu diren herritarrei, Zumarte Musika Eskolako ordezkariei, Euskadiko Filmategiari eta Usurbilgo Udalari, eman digun dirulaguntzari esker osatu ahal izan dugulako hizpide dugun dokumentala.
Fitxa teknikoa
• Errealizazioa eta edizioa: Luis Jambrina.
• Aurkezlea eta gidaria: Ixabel Agirresarobe.
• Irudi zerbitzuak: Quartan produkzioak.
• Ekoizlea eta argitaratzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.
• Babeslea: Usurbilgo Udala.
Azaroaren 24an, estreinaldia Sutegin
"Usurbil 58" dokumentala azaroaren 24an igandea ikusi ahal izango dugu lehen aldiz. Sutegiko auditorioan proiektatuko da, arratsaldeko 17:30ean hasita. Sarrera doan izango da. Azaroaren 24ko estreinaldiaren ondoren, salgai ipiniko da DVDa eta USBa, ohiko
salmenta puntuetan.
Dokumentuaren akzioak
'Usurbil 58', garai bateko irudiak gogora ekarriko dizkigun dokumentala
Iazko udazkenean, aspaldiko irudi batzuk topatu genituen Euskadiko Filmategian. Juan Illarramendik Super8 kamera batekin hartutako irudiak ziren eta Filmategiko datuen arabera, 1958 eta 1960 artean grabatuak izan ziren. Metraje laburreko filma da, baina balio handia duena, garai bateko herri bat ageri delako, eta garai bateko herritarrak irudikatzen dituelako.
Dokumentuaren akzioak