Dokumentuaren akzioak
Usadioak jarraituz abiatu dituzte inauteriak Lizartzan
Gaur eman diete hasiera inauteriei Lizartzan. Usadioari jarraituz gibela jan dute, txekorra ekarri dute eta antzerkia eta dantza ez dira falta izan
Lehen eguneko indarrarekin ekin diote gaur jaiari lizartzarrek. Festarako giroa nabaria zen, frontoia bete egin baita antzerkia eta Otsolar dantza taldearen emanaldia ikusteko. Agurra, orgin dantza, zapatari dantza, kaxarranka, etab. dantzatu dituzte adin ezberdinetako herritarrek. Guztira 70 pertsona inguru aritu dira gaur emanaldian parte hartzen.
Emanaldiaren ondoren, parte hartzaile guztiak elkarrekin bazkaldu dute.
Hala ere, oraindik ez da amaitu gaurko festa Lizartzan. 19:00etan kantu poteoa izango dute. Herriko musikariekin batera Lizartzako inauterietarako sortutako doinuak kantatuz ibiliko dira kantuan.
Lehen asteburu honek, datorren asteburuan datozen egunetarako gogoa pizteko balio izan die lizartzarrei. Baina, hurrengo asteburua ere potoloa dator. Puske biltzeak, mozorroak, bazkaria....
Urtarrilak 29, ostirala
14.15. Eskolak antolatuta mozorro festa. Ondoren, kalejira.
Urtarrilak 30, larunbata
07:00. Plazan elkartu eta kalejira Uetako zubitik dantzari, txantxo eta txistulariekin. ‘Diana’ abestuz hasiko da inauteria.
07:30. Puske-biltzea, dantzari eta txantxoak elkarrekin ospeletik. 09:30. Etxe-zahar baserrian geldialdia gosaltzeko.
12:00. Mozorro, gurdi eta txarangen irteera Errota ataritik.
13:30. Inauteri partaide guztiek kalejira, Arrateko zubitik irtenda. Ondoren, denek elkarrekin bazkalduko dute herriko frontoian.
18:00. Gurdi eta mozorroak Joxe Mariko aparkalekuan bilduko dira kalejiran plazara jaisteko, bertan sagardotegi ezberdinetako sagardoak eta ‘Lizartzako talogileak’ egindako taloak jateko aukera izango da.
Urtarrilak 31, igandea
11:00. Meza Nagusia. Ondoren, hamaiketakoa plazan.
12:00. Dantzariak kalean ibiliko dira puska biltzen gurdi, mozorro eta gainerakoekin batera. Ondoren, Lizartzako Ihaute Dantzak plazan.
14:00. Inauteri bazkaria herriko pilotalekuan. Ondoren, txaranga eta bertso saioa. 20:30. Plazan “ijitoa” errez inauterien amaiera.
Dokumentuaren akzioak