Dokumentuaren akzioak
Urtarrilaren 21etik apirilaren 27ra eginen ditu maskaradak Pagolak
Pagolak (Nafarroa Beherea) argitara atera du 2024ko maskaraden egitaraua: hamabost asteburuz, hamalau herri zeharkatuko dituzte urtarrilaren 21aren eta apirilaren 27aren artean; horietarik lehen eta azken emanaldiak Pagolan emanen dituzte. Nahiz historikoki Zuberoari erabat lotua izan, administratiboki, Nafarroa Beherean dago Pagola, eta bi probintzien arteko muga da. Horregatik, auzo herria Nafarroa Beherean ere badu. Urtero, edo gehienetan, maskarada ematen duen herria auzoko herrira doa emanaldia aurkeztera; orduan, 2024an, pagolarrek maskarada Donaixtin (Baxenabarre) ere emanen dute, martxoaren 2an, larunbatez.
Usu ikusi ez bada, Pagolako gazteek dinamika berezia eraman dute maskaradaren sorkuntza prozesuan, ihauteria hizkuntzatik landurik, euskaratik, hain zuzen: joan den urtean, Xiberoko Gau Eskolako laguntzaz, bi gela ireki zituzten maskaradako gazteentzat. Alde batetik, euskararen ulermena eta mintzamena hobetzeko asmoa zuten; hutsetik abiatzen zirenentzat, batez ere. Bestalde, euskaraz zekitenek zuberera hobetzeko parada ukan zuten; mugako herria izanik, errealitate soziolinguistikoa Zuberoako beste herriez desberdina da euskalki aldetik.
Egitaraua
Urtarrilak 21, igandea: Pagola
Urtarrilak 27, larunbata: Ezpeize
Otsailak 4, igandea: Iruri
Otsailak 11, igandea: Maule-Lextarre
Otsailak 17, larunbata: Gamere-Zihiga
Otsailak 24, larunbata: Muskildi
Martxoak 2, larunbata: Donaixti
Martxoak 10, igandea: Ligi-Atherei
Martxoak 17, igandea: Idauze
Martxoak 23, larunbata: Aloze
Martxoak 31, igandea: Barkoxe
Apirilak 7, igandea: Larraine
Apirilak 14, igandea: Urdiñarbe
Apirilak 21, igandea: Lakarri-Altzai
Apirilak 27, larunbata: Pagola
Joan den urtean, Maulek eman zuen maskarada; Pagolatik ere pasatu zen. Eta 2025ean, Lakarri-Altzaik (Zuberoa) emanen du
Dokumentuaren akzioak