Dokumentuaren akzioak
Urriaren 7an dantzatuko dute Errosarioko amaren ezpata-dantza
Urriaren 7an da Errosarioko Amaren Eguna eta aurtengoa zapatuan egokitu denez, egunean bertan egingo dute Errosarioko amaren ezpata-dantza.
500 urteko tradizioa dauka ezpata dantzak, eta Haritz Euskal Dantza Taldeak 2009an berreskuratu zuen dantza hau Elgoibarrerako. Ordutik, Errosario Kaleko Amaren Egunaren bueltan irudikatzen dute, egunetik gertuen dagoen domekan, gehienetan, baina aurten egunean bertan dantza egingo dute. Dantza berreskuratu zutenetik hamalaugarrena izango da.
11:00etan da meza nagusia eta San Bartolome eliza barruan hasiko da ezpata dantza, taldeko ezpata-txikiek eliza barruan dantzatuko baitute. Meza bukatu ostean, ezpata-dantzari guztiak elizaren kanpoaldean bilduko dira dantza egin eta prozesioari ekiteko. San Bartolome parrokia aurrean hasi eta izen bereko kaletik Errosario kalera joko dute, Udal txistulari taldekoek lagunduta, eta bidean geldialdiak egingo dituzte dantzarako: eliza atarian, Kultur Etxe aurrean, Errosario kalean dagoen Ama Birjinaren irudiaren azpian, eta azkena, Kalegoen plazan.
Dokumentuaren akzioak