Dokumentuaren akzioak
Urrezko Danborrarekin aitortza egin diote Isabel Verdiniri, inklusioaren alde egindako lanarengatik
Isabel Verdinik, Verdini dantza taldeko zuzendariak, jaso du 2024ko Urrezko Danborra, Eneko Goia alkatearen eskutik. Beñat Parra
Ondoren, Eneko Goia alkateak hartu du hitza, eta esan du “ohorea eta plazera” dela aretoan Isabel Verdini izatea. “Urrezko Danborrak hiriak berak aldarrikatu nahi dituen balioak islatzen ditu”, nabarmendu du Goiak. Verdinik “balio bat baino gehiago” islatzen dituela esan du: kultura eta gizarte konpromisoa, besteak beste. Bazterkeria egoera jasan dezaketen pertsonengan –Downen sindromea duten pertsonengan, kasu honetan– zerbait berezia ikusi zuela Verdinik esan du alkateak, eta horri buelta bat ematea jakin zuela, Verdini dantza taldea sortuz. “Eskerrak eman nahi dizkizut, eta espero dut urte askoan horrela jarraitu ahal izatea”, esan dio alkateak Verdiniri.
Gogoratu behar da duela 30 urte sortu zuela Verdinik bere dantza taldea, Downen sindromea duen bere iloba Haizea jaio zenean. “Bartzelonan Dantza Garaikidea ikasten ari nintzenean jaio zen nire iloba, Haizea, eta nire ahizpari hitz eman nion bere alabak dantza egingo zuela eta dantzaria izango zela, ni bezala. Ez kezkatzeko esan nion, eta promesa hori bete egin dut: konpainiarekin eta proiektuarekin jarraitzen dut, ilusioz”, azaldu du Verdinik bere bizitzaren inguruko bideoan. “Konpainian egon den bakoitzarengandik asko ikasi dut”, nabarmendu du Verdinik.
Verdinik ere bere garaian dantza irakaslea izatera iristeko asko ikasi behar izan zuela azaldu du, gorra zelako. “Aurrean pertsona bat jarri eta bere pausuak berdin-berdin jarraitzen nituen, musika oso ondo ikasi ostean”, azaldu du. Bideoan, Verdiniz gain, bere familiakoak, lagunak eta Verdini dantza taldeko ikasleak ere agertu dira, bere figura goraipatzen eta Urrezko Danborragatik zoriontzen. “Eskerrik asko gugan sinisteagatik, pertsona hobeak egin gaituzu”, esan diote ikasleek.
Verdini dantza taldea, ekitaldian
Bideoaren ostean, Verdini dantza taldeko Aizpea Mujikak hartu du hitza. “Dantza taldeko guztiak gaude hemen, asko maite zaitugula esateko”, esan dio Verdiniri. “Eskerrik asko eman diguzun eta ematen diguzun guztiagatik. Oso eskuzabala zara, eta dantza eta dibertsitatea fusionatu dituzu eskuzabaltasunez. Dantza eta dibertsitatea aliatu handiak dira trabaz betetako gizarte honetan. Hala ere, guk traba horiei aurre egitea erabaki dugu gure artearekin”, nabarmendu du Mujikak. “Ekipo handi bat gara, esfortzu handiak egin dituena gauzak lortzeko; eta asko dugu lortzeko oraindik”, adierazi du.
Ekitaldia amaitzeko, Urrezko Danborra eman dio alkateak Isabel Verdiniri, eta Ohorezko kontrapasaren doinuekin Kresala dantza taldeko dantzari batek agurra dantzatu dio Verdiniri. Ondoren, Verdini dantza taldeak Txoria txori dantzatu du ekitaldira joan diren guztientzat eta Verdinirentzat, bereziki.
Jarraian, ekitaldiko irudiak ikus ditzakezue:
Dokumentuaren akzioak