Dokumentuaren akzioak
Urnieta Dantzan jaiaren X. edizioa
Gezurra badirudi ere, hamar urte pasa dira, 2007. urtean, Egape ikastolako dantzarien guraso talde batek bultzatuta “Egape Dantza Elkartea” sortu zenetik , bertako dantza taldeari bultzada eman eta plazaratzeko asmoarekin, eta horixe da hain zuzen aurten ospatzen dena, elkarteak antolatu zuen lehenengo jardueraren 10. urteurrena. “Urnieta dantzan” jaialdiaren 10. urteurrena.
Elkartearen sorreratik, Egape ikastolako dantzarien gurasoen babesa eta ahalegina ezinbestekoa izan zen. Elkartea, ilusioz betetako 76 bazkideren martxan jarri ahal izan zen.
Aipamen berezia egitea merezi du, hamar urte hauetan bidelagun izan dugun Edu Muruamendiarazek, dantzariak motibatzeko eta euskal dantzarekiko zaletasuna zabaldu eta indartzeko egin duen lan eskergagatik.
Elkartea sortzera bultzatu gintuzten helburuak gaur egun ere indarrean jarraitzen dute: gure kultura, ohiturak eta tradizioak kaleratzea; Euskal Herrian ditugun dantza ezberdinak ikasteko eta erakusteko aukera izatea; eta aldi berean, tradizioan oinarritutako pausoekin sortutako koreografi berritzaileak jendaurrean eskaintzea.
Euskal dantza tradizionalen inguruan uztartutako berrikuntzen bidez, koreografia ikusgarri eta berritzaileak lortzen dituzte Egapeko dantzariek, eta aldi berean, nortasun propioa ematen dio taldeari. Taldearen ezaugarri berezi hau da, hain zuzen ere, jendeak gehien eskertu eta txalotzen duena.
Bestetik, Egape Dantza Taldearen presentzia eta parte-hartzea herriko ekintza, jai eta ospakizunetan areagotzen joan da urteak pasa ahala. Ia-ia ezinbestekoa bihurtu delarik Urnietako jai-egutegian. Bestalde, herritik kanpo, dantza taldeak eskaini dituen koreografi berritzaileak harrera ezin hobea izan dute.
Gaur egun, Egape Dantza Taldeak indar handia du. Berrehun dantzaritik gora ditu, adin guztietakoak (lau urte txikienek, eta hirurogei paseak helduenek). Txikien taldeak, gazteen taldeak, baita helduen talde bat ere, guztira 13 talde ari dira euskal dantzak ikasi eta eskaintzen.
Guzti honen ondorioz dantza taldea sendotzen ari da urtetik urtera. Datu zehatzak ikustea besterik ez dago. Jaialdiaren lehenengo ekitaldian 5-13 urte bitarteko 120 dantzari irten ziren plazara; Hamar urte beranduago, aurten hain zuzen, 4-60 urte bitarteko 230 dantzari arituko dira dantzan. Kopurua, beraz, bikoiztu egin da Urnietako "Marizulo" antzelanerako sortutako "Koda", Egapeko dantzarien ereserki bihurtu den pieza, guztiak batera dantzatuko dutelarik.
Lantaldeari dagokionez ere, beste horrenbeste esan genezake, hasieran, elkarteko lan taldea sei kiderekin osatu zen, baina, lan-talde egonkor hau, urteak pasa ahala ugarituz joan da eta dagoeneko hamabost dira buru-belarri lan jarrai horretan ari direnak. Nabarmentzekoa da, baita ere, "Urnieta dantzan" jaialdian laguntzen eta parte hartzen duten guraso eta dantzazale guztien lana. Aipamen berezia merezi du Txanbolin txistu bandak, jaialdi guztietan beti prest agertu delako.
Dokumentuaren akzioak