Dokumentuaren akzioak
Urbeltzek, Lipusek eta Canok bat egin dute "Martin Zalakain" Bilboko Arriagan taularatzeko
Azaroaren 11n
Pio Baroja idazle donostiarraren "Zalacain el aventurero" eleberrian oinarritutako "Martin Zalakain" lana Bilboko Arriaga antzokian estreinatuko da larunbatean, azaroaren 11n. Juan Antonio Urbeltzen koreografia, Ander Lipusen antzerkia eta Harkaitz Canoren hitzak dituen ikuskizuna "dantza eta antzerkiaz haratago" doa, arduradunek obra aurkezteko egindako agerraldian nabarmendu dutenez.
"Martin Zalakain" Argia konpainiaren egitasmoa da, Juan Antonio Urbeltz bultzatzaile duela. Euskal dantza tradizional garaikidean lengoaia eta dantzaera molde berri bat proposatzea eta ikusleei emozioen bidez gozatzeko moduko ikuskizun bat sortzea dira helburuak.
Euskal antzerkigintzak eskaintzen dituen fikziozko pertsonaien artean Zalakain hautatu dute. "Aurrerapauso bat da, gure herri dantzaren alorrean lehen aldiz gertatuko den erronka", azaldu dute.
Halere, proposamena "dantza eta antzerkia baino gehiago" dela azpimarrratu dute, adierazpen artistiko ugari erakutsiko baitira taula gainean. "Garai baten erretratu bikaina izan zen eta belaunaldi oso bat literaturara erakartzeko balio izan zuen Pio Barojaren nobela hura berreskuratu eta beste ertz batetik interpretatzeko proposamen paregabea da", ziurtatu dute.
Argia konpainiak argumentu dramatikoarekin egindako dantzari heldu dio lan honetan. Dantza teknikan zehaztasuna, adierazpen dramatikoa eta emozio bidezko komunikazioa uztartuko ditu obrak. Lana hezurmamitzeko inspirazio eta eduki iturriak "anitzak eta aberatsak" izan dira, eta Europa osoan azken bost mendeetan izandako dantzaren, antzerkiaren eta arte draman dute oinarria. Era berean, ikuskizunean pausu berriak proposatuko dituzte, dantzaeraren ikusgarritasunean arreta jarrita.
SEI DANTZA TALDE
Dantzaren interpretazioa sei taldek egingo dute, Donostiako Argia konpainiari beste bost batuko zaizkiolako eszenatoki gainean: Eibarko Kezka, Elgoibarko Haritz, Iruñeako Duguna, Miarritzeko Maritzuli eta Portugaleteko Elai-Alai.
Dantzariez gain, Ander Lipus aktorea izango da, On Pio maisuki antzeztuz, eta musikak ere berebiziko garrantzia izango du. Musikaren sorkuntza lanetan Marian Arregi eta Mikel Urbeltz izan dira, eta biak ere taula gainean izango dira, beste hainbat musikarirekin batera: Marian Arregi (akordeoia), Mikel Urbeltz (arrabita), Arantzazu Mujika (arrabita), Maider Urbeltz (arpa), Dugunako Musikariak (txistua, haize tresnak eta perkusioa), Ezpelur (dultzaina) eta Plectro (soka tresnak).
Sarrerak salgai daude, 8,50 eta 24 euro artean, www.teatroarriaga.eus webgunean, 946 850 850 telefonoan eta Arriaga antzokiaren txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.
"Martin Zalakain" lana Bilboko Arriaga antzokian estreinatuko da larunbatean (Arriaga Antzokia)
Dokumentuaren akzioak