Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Upelek azken erronka izango dute gaur

Dokumentuaren akzioak

Upelek azken erronka izango dute gaur

Egilea
Nekane Gonzalez
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Mota
Albistea
Data
2001/12/22

Laguntzarik, dirurik eta eskarmentu handiegirik ez bazuten ere, gogo izugarriz ekin zioten 1999ko urrian Jon Maia, Kimetz Larrañaga, Iban Agote eta Oier Imaz dantzari gazteek lan berriari. «Inolako helbururik gabe sortu genuen ikuskizuna; probatzeko besterik ez. Ordu arte, bakoitzak bere taldean baino ez zuen lanik egin, eta, dena zen berria», azaldu digu Jon Maiak.



Formatu aldaketa batekin eta bertsolari zein trikitilarien laguntzaz aurkeztu zuten euren lana, eta, azkenerako, «urteko 60ren bat saio» egin izan dituztela aitortu digu, «bertsolarientzat agian ez, baina dantzariontzat dezente da hori!».



Euskal Herrian ez ezik, putzua igaro eta Ameriketan ere izan dute emanaldirik: «Hemengo jendearen harrera onaren ondoren, postre gisa, atzerrian bi aste pasatzeko parada izan genuen inauterietan; primerako esperientzia!», dio.



Lehen ikusleak Zaldibian izan zituztenez, azkenak ere bertakoak izatea nahi izan dute. «Laxok taldeak oraindik bizirik jarraituko du, baina Upeletan erronka-k amaiera izan behar zuenez, ibilbide polit bati amaiera ona ematea hobeto dela uste dugu».



Gaur, beraz, azken saioa eskainiko dute, berezia inondik inora: «Bai, berezia betiko zortzioz gain, ordezkoek ere parte hartuko dutelako, eta, ikuskizuna egokitu behar izan dugulako. Baina batez ere, berezia azkena delako», dio Maiak hunkiturik.



Haatik, «atsedenaldi baten ondoren» lau dantzariek badute oraindik zer eskainia. Bien bitartean, ibilbidearen balorazio baikorra egin digu Maiak: «Kideon arteko laguntasuna da taldearen ardatz, eta, jakina, arrakasta lortu dugula ere kontuan hartzekoa da, asko ikasi dugu».

Dokumentuaren akzioak