Dokumentuaren akzioak
Umorez bizi, 'Batek Daki' saioan
Umorea hizpide hartuta, besteei entretenitzeko gaitasuna duten euskaldunekin izango da Aitziber Garmendia
Gure herrian umorearen bitartez besteei entretenitzeko gaitasuna duten euskaldun asko daude; umorez bizitzea ezinbesteko da, eta honetaz asko dakite aste honetako 'Batek Daki' saioaren gonbidatuek.
Umorea gure bizitzako alor guzti guztietara aplika daiteke. Tio Teronen Semeak dantza taldeak umorea, dantza eta entretenimendua elkartzen ditu herrietako jai eta ospakizun ezberdinak alaitzeko; Aitziber Garmendiarekin umoreaz aritzeaz gain, dantzan erakusteko saiakera ere egingo dute.
Norbaitek barrea eragiteko gaitasuna baldin badu, hori Virginia Imaz clowna da; Euskal herriko clown erreferenteetako bat da bera. Berarekin, clown eta pailazoen mundua apur bat hobeto ezagutzeko aukera izango du saioak, eta Aitziberrek aitzaki bikaina izango du pailazoarena egiteko.
Barre egitea terapeutikoa dela dioten aditu asko daude. Bilbon badira zenbait transformista entretenimendua eta umorea oso ondo elkartzen dutenak. Adibide garbiak dira aste honetan gurean azalduko diren Yougurinha Borova eta Nenita Danger. Bi hauek Garmendia transformatzen saiatuko dira.
Esan bezala, umorea toki guztietan egon daiteke, eta, nola ez, internet ez da alde batera geratzen. Milaka lagun daude youtubera bideoak igo eta partekatzen dituztenak. Hauetako bat Iban Garcia azkoitiar gaztea da. Bere egunerokoa ezagutzeaz gain, youtubeko bideoan umoreaz arituko dira Garmendia eta biak.
Zer du umore gehiago besteen izaera hartu eta esajeratzearen bitartez imitatzea baino? Aste honetan bi imitatzaile izango ditu saioak gonbidatu: alde batetik, Iñigo Perurena, eta bestetik, Iñigo Arretxe. Bien artean imitazio ezberdinak egingo dituzte, eta, nola ez, Aitziber ere ez da geldi geratuko.
'Batek Daki' astelehen honetan emitituko da 22:15etik aurrera ETB1en.
Dokumentuaren akzioak