Azken txanpan sartu dira Zestoako amabirjinak. Gaur Umeen eguna da, eta herriko txikienak izan dira protagonistak eguna hasi denetik. Goizean kalejira zaratatsua egin ostean, 12:00etan txupinazoa bota dute udaletxetik seigarren maila bukatu duten gaztetxoek. Gaurko antolatu dituzten ekintzak gogoratu ez ezik, jaiak ondo bukatzeko deia egin dute balkoitik, eta jendetza elkartu da plazan haien mezua entzuteko. Suziria botata, hainbat dantza eskaini dituzte plazan, ohiturari jarraituz.
Ondoren, zezen txikiak eta poniak izan dira plazan, herriko gaztetxoen eta gazteen gozagarri, eta eguerdian egingo duten bazkariarekin borobilduko dute Umeen Eguneko lehen apurra.
Arratsaldean jarraituko egitarauarekin, eta besteak beste, umeen jolasak, apar festa, bigarren zekorketa eta ardi txakurren txapelketa izango dira Zestoan.
Hona hemen gaurko egitaraua:
- 16:00. Haurrentzat tailerrak.
- 17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, bigarren zekorketa iragarriz.
- 17:30. XXIV. Arraza Libreko Artzain Txakurren Gipuzkoako Txapelketa, Zubiaurreko zelaian. Antolatzailea: Artxate elkartea.
- 18:00. Gurea Kultura ekimenak antolatuta, zezenketen alternatiba kontzertuak estazio aldean: Arima, Sofa, Lukiek.
- 18:00. Bigarren zekorketa. Toreatzailea: Ruiz de Velasco. Ordezkoa: Guillermo Alonso. Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos. Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak.
- Ondoren, Zestoako Banda Erdikalean.
- 19:00. Apar-festa, frontoi zaharrean.
- Ondoren, eta festei amaiera emateko, zahagi-dantzarien dantzaurrea kalez kale, Itxaropena dantza taldearen eta Zestuko Trikitixa taldearen eskutik.