Dokumentuaren akzioak
Umeen dantzekin dator Markina-Xemeingo II. Euskal Jaia
2022an izan zuen arrakasta ikusita, II. Euskal Jaia antolatu du Zerutxu dantza taldeak domekarako (apirilak 23), Markina-Xemeingo Udalaren laguntzagaz. Bi dira aurtengo dantza talde gonbidatuak, Ermuko Txindurri dantza taldea eta Arrasateko Lore Gazteak dantza taldea. Lehenengo euskal jaian helduek bakarrik parte hartu zuten, baina domekan umeen unea ailegatuko da. Eurak izango dira eguneko protagonistak.
Euskal jaia 11:00etan hasiko da Arkupe aurrean, bi dantza talde gonbidatuei harrera eginez. 11:30ean, kalejiran aterako dira herriko kaleetan zehar, hiru dantza taldeetako umeak. Kalejira amaitu ondoren, 12:30ean, emanaldi nagusia egingo dute Zelaian. Eta egunari amaiera emateko, 17:00etan, hasierako lekura bueltatuko dira; Arkupe aurrean erromeria eginez amaituko dute aurtengo euskal jaia.
Aurreikuspena. I. Euskal Jaiak jendearen onarpen handia izan zuela ikusita, aurtengoan jende gehiago bertaratzea espero dute antolatzaileek. “Lehengo urtean helduek bakarrik dantzatu zuten, eta jende asko etorri zen. Aurtengoan umeek dantzatzen dute eta, orokorrean, jende gehiago etortzen da umeak ikustera”.
Dokumentuaren akzioak