Dokumentuaren akzioak
Udazkenean eramango dute Artelekuko materiala Alde Zaharrera
Dantzari ez dagozkion Arteleku zentroaren atal guztiak —ikus-entzunezko jarduerak eta tailerrak— Donostiako Txomin-Enea auzoko egungo eraikinetik Alde Zaharreko Santa Teresa komentuaren eraikinera lekualdatuko dituzte udazkenean, Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura diputatuak atzo Kultura Batzordean jakinarazi zuenez. Dantzari dagozkion atalak, aurretik iragarri zen bezala, Errenteriako Lekuona okindegi zaharraren eraikinera eramango dituzte, aurretik material guztia Niessen gunean gordeta eduki eta gero.
Moja karmeliten elkartearekin hitzarmena sinatu zuen Gipuzkoako Aldundiak, 1988an; komentuaren goiko partean egin beharreko lan batzuen truke, komentuaren parte baten jabetza bereganatu zuen erakundeak. 3.000 metro koadro inguru ditu zati horrek. Biltegi gisa erabiltzen da, San Telmo museoko hainbat material gordetzeko, eta hustu egin beharko da lekua libre uzteko.
Dokumentuaren akzioak